Ezarian. Zientzia

Oinazearen baltsamoa

Oinazeak erru sentimendua baretzeko balio dezakeela ondorioztatu du Queenslandek Unibertsitateko zientzialari talde batekEzin izan dute zehaztu minarekiko jarrera kultur inguruaren ondorio izan daitekeen

Inigo Astiz
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Oinarrizkoa da: mingarria da beti mina, baina oinaze horrek baditu bere funtzioak ere. Alerta moduko bat da gorputzarentzat zenbaitetan, esaterako; abisu bat, zerbait gaizki dabilela esateko. Baina izan liteke ihesbide gisako bat ere. Bestelako minei aurre egiten ere lagun dezake oinaze fisikoak, Australiako Queenslandeko Unibertsitateko zientzialari talde baten ustez. Hori da Brock Bastian doktoreak zuzendu eta Psychological Science aldizkarian kaleratu duen ikerketaren ondorio nagusietariko bat: oinazeak erru sentimendua lasaitzen lagun dezake. Baltsamu ere izan liteke mina. Oinazearen ondorengo halako barealdi sentimendu batez ari dira Bastian eta bere taldekoak.

Ikerketa lanaren titulua da beren tesiaren laburpena: Cleansing the Soul by Hurting the Flesh; the Guilt-reducing effect of Pain (Haragia zaurituz arima garbitzea; minaren erruduntasunaren murrizketa efektua). Erriturik ez da falta ideia hori indartzeko. Bateko zein besteko erlijioetan aurki daitezke nork bere buruari eragindako minaren bitartez arima eta errua garbitzeko balio omen duten zeremoniak. Autozigorkatzea, gorputz zulaketak, sakrifizio eta damu ekintzak... Penitentzia, azken finean. Sinesmen kontua ere bada, baina Bastianen taldeak dioenez, oinarri zientifiko bat izan dezakeena.

Hipotesia bazuten Queenslandeko Unibertsitateko ikerlariek. Bastianek azaldu du: «Zeure burua estutasun horretara eramaten duzu kasu horietan guztietan, eta praktika horiek funtzio psikologikoren bat izan behar dutela ziur geunden. Arraroa litzateke pentsatzea guretzako inolako onura psikologikorik ez duten ekintza horiei hainbeste urtez eutsiko geniekeenik». Eta, dioenez, bat egin du ikerketaren ondorioak beren hasierako tesiarekin. «Zigorrak erru sentimendua murriztu dezakeela da gure ikerketaren ondoriorik interesgarrienetariko bat. Mina gure mesede izan daitekeela erakusten dugu».

Bastianek aipatzen duen zigorra, baina, ez dago derrigor erlijioarekin edo erlijio erritu eta ekintzekin lotuta soilik. Penitentziak ez du zertan kristaua izan, ez eta erlijio kutsukoa ere. Badira bestelako kastigu laikoagoak ere. Ikerlariaren hitzetan, baraualdi sasoiak, ariketa fisiko gogorrak, edo ohi baino lan gehiago egitea ere izan daitezke erru sentimenduaz libratzeko modu batzuk. Nork bere burua zigortzeko bestelako oinaze mota bat.

62 gizon eta emakume gazte erabili dituzte Bastianek eta kideek ikerketarako. Adimen zorroztasuna neurtzeko ikerketa batean parte hartzen zutela sinetsarazi zieten, eta hiru taldetan banatu zituzten gero. Batean edo bestean egon, ezberdina zen egin beharreko lana. Hiru taldeetako biri, beren bizipenetan oinarrituta, beste pertsona bat baztertu zuten egoeraren bati buruz testu bat idazteko eskatu zieten. Hirugarren taldeari, egunero izaten duten ohiko harremanen bati buruz idazteko eskatu zieten.

Ikerketaren bigarren fasean gaitasun fisikoak frogatu nahi zituztela sinetsarazi zieten esperimentuko parte-hartzaileei, eta izoztutako urez betetako ontzi batean esku bat ukondoraino sartzeko eskatu zieten lehen eta hirugarren taldekoei. Ahal zuten eta luzeen eutsi behar zioten eskuari hor. Bigarren taldekoei eskua 36 eta 38 graduan zen urez betetako ontzietan sartzeko eskatu zieten. Gero, esperimentuan sentitu zuten minari balio bat emateko eskatu zieten, baita deskribatutako ekintzaren moraltasuna baloratzeko ere.

Min handiagoa sentitu nahia

Bazterketa ekintzari buruz idatzi zuten parte-hartzaileek beste taldekoek baino luzeagoz eutsi zioten eskuari izoztutako uretan, eta mingarriagotzat deskribatu zuten esperimentua. Bastianek azaltzen ditu datuak: «Kontua ez da partaide horiek minik sentitu ez zutela, eta, beraz, luzeago eutsi ahal izan ziotela hotzari; min handiagoa sentitu zuten, min handiagoa sentitu nahi zutelako, eta horregatik eutsi zioten eskuari denbora gehiago ur horretan».

Besteei damua komunikatzeko modu bat izan daiteke mina, horregatik, Bastianen ustez. Baina baliteke oinazearekiko jarrera horren atzean kultur hezkuntza oso bat egotea ere. Eta hori da ikerketak argitzen ez duena. Zientzialariak ere onartzen du; ezinezkoa da ikerketa horretan jakitea minarekiko jarrera hori norberaren kultur inguruaren ondorioz den, edo gizakiaren oinarrizko erantzun bat izan daitekeen. Bastianek badu bere hipotesia: «Bada oinarrizko erantzun bat izan daitekeela pentsatzeko arrazoirik». Daturik ez dago, ordea, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.