Bertaratzeko, Iruritako herritik Artesiaga mendatean barrena Eugira doan errepidea hartu behar duzue. Bidegurutze batera iritsiko zarete, Baigorri auzunera, eta eskola zaharra eta zentral hidroelektrikoa ikusiko dituzue hor. Eugira jarraitu beharrean, ezkerrera hartu, Arbutz bailarara doan errepide meharra. Hainbat baserri ezkerrean utzi ondoren, bi baserri aurkituko dituzue elkarren ondoan eskuinean, Juanikotenea eta Martintolanea dira, azken hori landa etxea. Masakoleta esaten zaio inguru horri. Hor nonbait utz dezakezue autoa, bide bazterrean, traba egiten ez duela (350).
Metro gutxiren buruan, eskuinera doazen bi bide ikusiko dituzue. Nolabait esatearren, atzeraka doana hartu, hori baita Meaka leporaino eramango zaituzten bidea (505). Artesiaga mendatera igotzen den errepidea topatuko duzue hor. Baina ez ezazue hortik segi, mendi adarrean gora ezkerretik doan pistatik baizik. Zehar-zehar gora egiten du bideak, bidebanatze batera iritsi arte. Pista nagusia utzi, eta eskuinekoa hartu, gora egiten duena. Borda zahar baten hondarrak ikusiko dituzue eskuinean, eta poliki-poliki aurrera segituz, lepo batera heldu (755). Eutsi bideari, malda gogortu egingo baita Trepako kaskoa inguratu eta izen bereko lepo zabalera iritsi bitartean (835). Saioatik Abartan tontorreraino doan mendi-adarra duzue aurrez aurre. Artesiagako errepidetik, Negusaroiko bordetatik gora datorren pistak bat egiten du lepo honetan, eta pagadian barneratzen da. Ez abiatu hortik, gandor harritsuan gora jo Trepako bizkarra deritzonetik. Pagaditik irten eta gandorrari jarraituz, bi muino dituzue aurrean Oialegi lepora iritsi aurretik (1048).
Kantauri-mediterranear ur banalerroan zaudete, Erdizaga izeneko eremuan. Hortxe bertan, errekaren beste aldeko mendian zabaldu nahi dute harrobia. Betirako desagertuko litzateke Okoro mendi erdia. Tontorra desagertu baino lehen, ordea, hara iritsi nahi baduzue, erraza duzue, larre soilduetan barna gora egitea besterik ez baita. Espainia kanpo erasoetatik babesteko omen zen bunker militarra duzue, gora zoaztela, zuen eskuinean. Kasko belartsu biribildu bat hartuko duzue berehala (1.200), bidegurutze garrantzitsua berau, hor banatzen baitira itsasoraino doan Pirinioetako ardatza eta kantauri-mediterranear ur banalerroa. Ikuspegia, aparta. Kintoako gailur ugari begi aurrean, Adiko tontor lerdena esaterako. Okororainokoa erraza da, Artsal tontorrera heldu, eskuinera jo, eta Okoron zaudete (1.259).
Ibilbidea jarraitzeko, arestian aipatutako tontorrera itzuli behar duzue (1.200), eta alanbre hesiaren ondotik ipar-ekialdera jo, aurrean duzuen tontor harritsuaren bila. Mairubaratze eta urmael bana pasatuko dituzue mendi bizkarraren punturik baxuenean (1.160), aurreko tontorreko harri bloke solteetan sartu aurretik. Loilurtzeko Harria da harriz beterik dagoena (1.208). Harriz harri gaina jo, eta hor ere jaso burua, Arbuzko bailararen gain behatoki aparta baita horixe. Egindako bidea primeran ikus daiteke, baita egiteko duzuena ere. Harrietatik larreetara eta hortik Argintzu tontorrera, harrizkoa hori ere (1.158). Kintoako mendi horiek gerrate eta bataila ugariren testigu isilak izan direlako isla da tontor hori izendatzeko erabili izan den izen zabarra, Peña de los generales.
Tontorraren atzean gordeta ageri den bailaran behera egin behar duzue, pista batekin bat egin arte (965). Kintoko bordara doan pista da hori, jarraitu beharrekoa, Autringo lepora eramango zaituzte eta (945). Aukeratu egin behar hor: Albako Harritik bailarari bira osoa eman, ala pistan behera abiatu eta Arbuzko bailararen goiko zatia ezagutu. Bigarrena gomendatzen dizuegu. Pistatik behera, hainbat bordaren ondotik pasatu eta bailararen hondoan jada, huraxe zeharkatzen duen errepidearekin bat egingo duzue. Errepidean behera, Masakoletara iritsiko zarete (350). Dendaitea, Senperena, Alemanea... baserriak, belardi eta soroak, artaldeak, lasaitasuna, xarma berezia duen bailara, Arbutz.
Okoro arriskuan
Magna (Nafarroako Magnesitas) enpresak Erdizaga inguruan ustiatu nahi duen harrobiak hautsak harrotu ditu. Enpresa horrek Zubirin duen harrobia agortzear dagoela eta, arduradun eta langileek Baztango Udaleko agintariengana jo zuten, Okoro mendian beste harrobi bat zabaltzeko baimen eske. Udalak aldeko eta kontrako elementuak sakon aztertu behar direla erantzun, eta proiektuak ingurumenean eragingo lituzkeen kalteei buruzko txostena agindu du. Ongi da, baina txosten asko ez da behar egingo lukeen txikizioa imajinatzeko. Ikusten ez duenak egin dezala mendi buelta.