Gastronomia

Ola Martin Berasategi eta La Biblioteca jatetxeek Michelin izar bana irabazi dute

Hego Euskal Herriko 26 jatetxeri egin diote aitorpena, eta denen artean 36 izar batu dituzte. Kopuruak iazko berberak dira, baina izardunak ezberdinak, Getariako (Gipuzkoa) Elcanok eta Bilboko Etxanobe Atelier jatetxeek lehendik zeukaten izar bakarra galdu baitute.

jarraia174032.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko azaroaren 21a
09:52
Entzun

Urtero bezala, Michelin gidak bere izarrak banatu zituen atzo iluntzean, Sevillan (Espainia); gastronomiaren eremuan, urteko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa da. Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako jatetxeek 2020an zenbat izar izango dituzten jakin dute, eta euskal ordezkarien artean aldaketak izan dira. Ez kopuru aldetik; izan ere, aurten bezala, datorren urtean ere Hego Euskal Herriko 26 jatetxek izango dute izarren bat, eta, denen artean, 36 dituzte. Orain arte, Getariako (Gipuzkoa) Elcano jatetxeak izar bakarra zuen, bai eta Bilboko Etxanobe Atelier jatetxeak ere, baina galdu egingo dituzte hurrengo urtean; Bilboko Martin Berasategi eta Iruñeko Hotel Alman dagoen La Bliblioteca jatetxeek, berriz, izar bana eskuratu dute. Hain justu, Berasategik joan den astean zabaldu zuen Bilbon jatetxe berria.

Gainerakoan, aldaketa gutxi egon da Hegoaldeko izarren banaketan. Donostiako Akelarrek eta Arzakek, Lasarte-Oriako Berasategik (Gipuzkoa) eta Larrabetzuko Azurmendik (Bizkaia) hiruna izar lortu dute, eta Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritzek eta Urdaizko Molino de Urdanizek (Nafarroa), berriz, bina.

Urte hasieran, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako izarrak banatu zituen Michelinek, eta horietan ere badaude euskal ordezkariak. Denetara, hamar jatetxek daukate izar bana . Hegoaldekoekin batuta, beraz, Euskal Herrian 36 ostatuk dute izarren bat (46 guztira).

Hona, herrialdez herrialde, Michelin izarrek zer ordezkari dituzten Euskal Herrian:

Araba. Eltziegoko Marques de Riscal (1).

Bizkaia. Larrabetzuko Azurmendi (3) eta Eneko (1). Bilboko Eneko Bilbao (1), Ola Martin Berasategi (1), Mina (1), Nerua (1), Zarate (1) eta Zortziko (1). Galdakaoko Andra Mari (1). Zornotzako Boroa (1). Axpeko Etxebarri (1).

Gipuzkoa. Donostiako Akelarre (3), Arzak (3), eMe Be Garrote (1), Kokotxa (1), Mirador de Ulia (1), Amelia (1). Lasarte-Oriako Martin Berasategi (3). Errenteriako Mugaritz (2). Oiartzungo Zuberoa (1). Hondarribiko Alameda (1).

Lapurdi. Ainhoako Ithurria (1). Miarritzeko L'Impertinent (1) eta Les Rosiers (1). Getariako Briketenia (1). Bidarteko La Table des Freres Ibarboure (1). Donibane Lohizuneko L'Ocean (1), Le Kaiku (1) eta Le Brouillarta (1). Senpereko L'Auberge Basque (1).

Nafarroa. Urdaizko Molino de Urdániz (2). Iruñeko Europa (1), La Biblioteca (1) eta Rodero (1).

Nafarroa Beherea. Les Pyrenees (1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.