Olatu perfektuaren bila

Instant Sport etxeak tubo itxurako olatu artifizialak sortzeko teknologia garatu du. Surfaren mundua errotik alda daiteke: hondartzatik urrun surf egin ahal izango da.

Aizarnazabalen (Gipuzkoa) eraiki dute olatuak sortzen dituen makinaren prototipoa. INSTANT SPORT.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hondartza eta surfa bata bestearen atzetik etorri ohi diren kontzeptuak dira. Binomio hori apurtzen saiatu diren arren, orain arte ezin izan dute olatu naturalak ordezkatuko dituen uhinik sortu. Ez behintzat kalitate handikoak.

Gipuzkoako Instant Sport etxeak sortutako olatu artifizialek surfaren mundua irauli dezakete. Munduko surflari onenak txundituta geratu dira Wave-Garden teknologiak sortzen dituen olatuen kalitatearekin. «Tresna bikaina da ikasi eta zure teknika hobetzeko», esan du Aritz Aranburu surflariak.

Olatu artifizial dinamikoak sortzen dituen teknologia aurkeztu zuen atzo Donostian Instant Sport Gipuzkoako etxeak. Surfaren munduan mugarria izan daiteke teknologia hori, nahi den ezaugarri, abiadura eta tamainako olatuak sor baitaitezke, benetako olatuen oso antzekoak. Ikusmin handia piztu zuen proiektuaren aurkezpenak. Atzerriko kirol kazetariak ez ezik, hainbat herrialdetako surf federazioak ere egon ziren ekitaldian. Surf blogetan ere azkenaldian bolo-bolo ibili den gaia izan da.

«Orain arteko olatu artifizialak estatikoak ziren. Teknologia honek sortzen dituenak tubo itxura har dezakete, itsasoko olatuek bezala, eta nahi adinako luzera izan dezakete», azaldu du Igor Barandiaran Instant Sport etxeko zuzendariak.

Teknologia aitzindaria

Mugimendu gutxiko urak behar ditu olatuak sortzeko makinak. Laku eta aintzirak aproposak dira olatuok sortzeko.Ur azpian profil hidromekaniko bat kokatzen da, eta ura aldez aurretik eraikitako eta molde jakin batzuk dituen uharri batzuetara bueltatzen du. Ura uharrietatik bueltatzerakoan sortzen da tubo itxurako olatua. Igor Barandiaranek adierazi duenez, eragin ekologikoa «minimoa» izango da. «Makinaria mugitzeko erabiltzen den koste energetikoa 900 kilowatt-ordukoa da. Gure helburua aztarna ekologiko oro saihestea da.Etorkizunean, energia berriztagarrien teknologia garatzen denean, eguzki plakak erabiltzea aztertuko dugu».

Naturan gutxitan ikus daitezkeen moduko olatuak eragin ditzake teknologia horrek. «Munduko txapelketa batean tubo itxurako olatu batean hamar segundo surf egiten aritzea lorpen handia da. Gure olatuekin 300 metro luzerako aintzira batean surflaria 30 segundo egon daiteke taula gainean», esan du Barandiaranek.

Litekeena da olatuak eragiten dituen lehen makina Zarautzen (Gipuzkoa) jartzea. Gipuzkoako Aldundiak lagundu du proiektuan, eta surf teknifikazio eskola bat ezarri asmo dute. Aizarnazabaleneraiki dute makinaren lehen prototipoa.

Etxe gipuzkoarrak patentatutako teknologiak surfa jende orori hurbiltzea ahalbidetuko du. Laku edo aintzira bat nahikoa izango da hemendik aurrera goi mailako olatuez gozatzeko. «Olatu naturalen saturazio handia dago egun. 20 milioi surflari daude munduan, eta 86 herrialdetan egiten dute kirol hau. Gizarteari hondartzetatik kanpo surfaren mundua hurbilduko dio teknologia honek», aitortu du Instant Sporteko zuzendariak.

Erakunde publiko eta turismo negozioentzako aproposa izan daiteke Wave Garden teknologia. Bisitariak erakartzeko tresna gisa eraiki ditzakete surfean ibiltzeko ur parkeak. Halaber, surfeko eskolak eta txapelketak antolatzeko abagunea eskaintzen du proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.