Olatuen erakusleihoa

Zarauzko malekoian lasaitasuna da nagusi lainotutako egunetan. Gipuzkoako hondartzarik luzeenean surflariek, erretiratuek eta ibiltariek turistekin batera partekatzen dute tokia.

Paseo luzeak lasaitasunez egiteko abagunea eskaintzen du Zarauzko malekoiak. ANDONI CANELLADA/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Zarautz
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Udako plaza

Paisaiak ez dio inolako esfortzurik eskatzen bisitariari. Txakurrak eta txoriak bakarrik esnatu direla ematen du. Herria lo dago oraindik, eta itsasoaren zurrumurru goxoak bakarrik hitz egiten du malekoian. Kontenplazioa da betebehar bakarra hemen, eta denbora pasatzen uztea tradizio. Paraje hau harrapatzeko ahaleginean dabil Juan Luis Mendizabal pintorea. Trepetekin etxetik irten eta hondarretan eseri da. Ia egunero egiten duen bezala, hondartza eta Getariako San Anton pintatu nahi ditu. Arratoia edo balea, Jorge Oteitzak esan zuen modura. Ez da aspertzen artista. Inoiz ez ditu bi koadro berdin egin: tonuak, koloreak eta formak aldatu egiten dira beti pintore baten begietan. Inguruan jende gutxi du Mendizabalek. Hondartza erdi hutsik dago, eguzkia nagikeriaz esnatu delako ziurrenik: paseoan dabiltzan erretiratuak, futbolean jolasten diren haurrak, eta surflariak olatuak zirikatzen.

Golf zelaiko inguruak lasaiak dira oso. Golfa: joan den mendeetan aristokraziak utzitako arrastoetako bat. Ez da zaila irudikatzea zergatik aukeratzen zuten Zarautz atsedenleku gisa errege-erreginek eta aberatsugarik—tartean, Elisabet II.a erregina—. Golfetik hurbil, Karlos Argiñanoren irudi bilakatu den txoriak ez du deskantsurik hartzen. Hegan urrutira alde egiteko gogoa sumatzen zaio. Bi emakume ari dira jatetxearen aurreko karteltxoan argazkia ateratzen. Zarauzko malekoian derrigor atera beharreko irudia, dirudienez. Flash gehien jaso duen herriko txokoa. «Valladolidetik etorri gara. Egunero ikusten dugu haren saioa telebistan, eta leku hau bisitatu beharra zegoen. Herriko publizitate ona egiten du. Tabernara goaz zerbait edatera orain», dio Mari Carmen Alvarezek. Malekoiari metro batzuk kentzen dizkio pare honetan hondarrak. Bi kilometro luzeko paseoaren zuzentasuna apurtzen du, ondorioz, bihurguneak —Gipuzkoako luzeena da hondartza—. «Desertu txikia» deitzen diote zarauztarrek alde horri. Lan nekeza izan liteke etxeak eta itsasoa hain gertu dituen beste basamorturik aurkitzea.

Olatuen talka hotsa apurtu du soroslearen bozgorailuko abisuak: «Red flag means swimming is forbidden». Bandera gorriek begiko dute hondartza, baina, hala ere, sorosleak gaur lan gutxirekin dabiltza. Zerumugari gehiago begiratzen diote bainulariei baino. Itsaso zati hau ikusita Kantauri itsasoaren zabaltasun osoa, baretasun eta monotonia hori, irudikatu nahiko balute bezala.

Eskulturak eta egunkariak

Elena Asinsen eskultura amaigabea 72 harri blokez osatuta dago, eta jolasleku bilakatzen da haurrentzat. «Kontuz, Amaia; min hartuko duzu!», esan dio aitak alabari. Javier Clemente Barakaldoko entrenatzailearen etxearen pare-parean dago eskultura.

Malekoian zenbat eta portu alderago joan, ibiltarien joan-etorriak gehitu egiten dira, eta terrazak ere beteago daude. Bazkalorduak ere izango du eraginik. Prentsa idatziak ez du krisirik hemen: Berria, Gara, El Diario Vasco, eta La Voz deAragón. Azken hori irakurtzen ari da Elena Martin eguzkitako zuri-urdinaren azpian. Ondoan ditu Maria Pilar Ferran eta haren alaba. Hitz-jario etengabea dute. «1932tik urtero-urtero etorri naiz hona udan. Asko aldatu da hondartza. Gaztea nintzenean, gure ondoan Narrosko markesa egoten zen», azaldu du Martinek. Eta hondartzara etortzen ziren aristokraten zerrenda luzea botatzen hasi da bat-batean. 90 urte betetzear dituen arren, oroimenean ez du zirrikiturik. «Poliziak kargu hartzen zigun, etzanda ikusten bagintuzten. Belaunera arte estalita ibili behar izaten zen orduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.