«Zergatik ez? Olentzero ez da pasatzen Afrikatik?» kantatzen zuen Txapelpunk taldeak 2000. urtean. Hamaika urte igaro dira orduz geroztik, eta kantuaren zati horrek zentzua galdu du. Izan ere, Iñigo Iraultza Gartzia Afrikatik itzuli berri da Olentzeroren ilobarena eginez hango hainbat familiari opariak eman eta gero.
Proiektuaren egitasmoa Gabon batzuetan hasi zen, Gartziak Bilboko auzo batean Olentzero lanak egin zituenean. «Haurren gutunak jaso nituen, eta gizartean gauzak nola dauden agertzen zen horietan: haur etorkinek edo etorkinen seme-alabek opariak eskatu zituzten euren familiako kideentzat», dio Gartziak. Baina familia jatorrizko herrialdean zegoen —Marokon, Kolonbian, Mexikon, Filipinetan...—, eta Olentzero ez zen iristen herrialde horietara.
Hori kontuan hartuta, ipuin bat idazten hasi zen Gartzia. Bertan, Olentzeroren ilobak familia kanpoan daukaten eta Euskal Herrian bizi diren haurren opariak banatzen zituen mundu osoan zehar. «Balentria horiek gazteei uzten dizkiet, nik neuk nire garaian egin nuen bezala», azaltzen du Olentzerok ipuin horretan. Izan ere, ikazkin ezagunak Euskal Herrian sobera lan dauka atzerrian banatzen hasteko.
Ipuinetik errealitatera
Iñigo Grijalba eta Markel Rekondo lagunekin hitz egiten hasi zen Gartzia, eta idazten hasita zegoen ipuin hori errealitatera eramatea pentsatu zuten. Zabal Etxe gazte aterpera joan ziren orduan, eta euren familiei zein opari eramango lieketen galdetu zieten han zeuden haur eta gazteei. «Ondorengo guztia bakarrik joan zen», Gartziak dioenez.
Ohartzerako bidean zeudela esan du Olentzeroren ilobak. Urri hasieran ekin zioten bidaiari. Helmuga Senegalen zeukaten, eta bidean hiru geldialdi —Maroko, Sahara eta Mauritanian— eta garraiobide ugari —patinetea, bizikleta, gamelua, autobusa, autostopa, gomazko txalupa...—. Era horretan hasi zen Arraun The World izenarekin bataiatu zuten ekimena.
Hilabeteko bidaia izan da, eta hainbat opari banatu dituzte Afrikako familien artean, baina horretarako bilaketa lana euren gisa egin behar izan dute. Izan ere, oparia eman beharreko herrietara iritsi, eta zeukaten erreferentzia bakarra argazki bat zen. «Eta ondoren herri guztiak laguntzen zigun familiaren bila». Behin azalpen guztiak eman eta oparia emateko unea iristen zenean, emozioz betetzen zen giroa. «Atzerrian dagoen seme edo alabaren opari bat edo bideozko mezua ematen diezun unetik, familiako kide izango bazina bezala sentitzen zara», dio Olentzeroren ilobak.
Bisitatutako familiek, baita beste batzuek ere, Euskal Herrira opariak itzultzeko eskaera egin zioten Gartziari. «Beraz, hemen eta kanpoan daudenen arteko bitartekari bat naizela esan daiteke», dio. Baina egitasmoa hasi besterik ez da egin, Olentzeroren beste familiartekoren batek —lehengusinak ziurrenik— beste bidaia bat egingo baitu. Oraingoan, Hego Ameriketara seguru asko. Bitartean, Afrikako bidaiaren berri izateko aukera izango da abenduan Leioako kultur etxean, egitasmoaren erakusketa jarriko baitute. Hor, argazkiak eta bideoak ikusi ahal izango dira, eta Gartzia idazten hasi zen ipuina ere bai.
Olentzero internazionala
Euskal Herritik Afrikara joan da Olentzeroren iloba, geografiak bereizi dituen familien artean zubi lanak egitera. Beste era batera ezin, eta opariak banatzen ibili da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu