Olentzeroren etorrera iragartzeko festa Iruñean

Artzain ogi-apurrak eta txokolatea banatzeaz gain, musika ere izango da larunbatean San Frantzisko plazan

Iruñea
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Eguberriak gainean, Olentzeroren etorrerarako astebete pasatxo gelditzen da. Inork ez du atzean gelditu nahi ikazkinari ongietorria egiteko tenorean. Iruñeko Olentzeroren Lagunen Elkarteak festa bat antolatu du heldu den larunbaterako Nafarroako hiriburuan. Musika eta dantza ikuskizuna izanen dira San Frantzisko plazan, eta jatekorik eta edatekorik ere ez da faltako. 18:30ean hasiko da festa.

Iruñeko Alde Zaharrean eginen den festan musikariak izanen dira lehenak mugitzen. Muthiko Alaiak eta Hoberena peñetako fanfarreak Estafetatik aterako dira festa hasi baino ordubete lehenago, eta kalez kale ibiliko dira musika jotzen San Frantzisko plazara iritsi arte. Behin plazara iritsita, dantzarien txanda izanen da. Mendillorriko haur dantzari taldeak euskal dantzak dantzatuko ditu. Haien lekukoa Pablo Sarasate kontserbatorioko eta Joakin Maia musika eskolako txistulariek hartuko dute.

Belarria gozatu ondotik, ahoa eztitzeko txanda izanen da. Artzain ogi-apurrak eta ardoa banatuko dituzte helduentzat, eta txokolatea haurrentzat.

Bigarren urtez jarraian antolatu du festa Iruñeko Olentzeroren Lagunen Elkarteak. Asmoa oso argi dute: «Festa parte hartzailea eta irekia izatea nahi dugu. Joaten diren lagun guztiak dantzatzen eta kantatzen jarri nahi ditugu», adierazi du Xabier Martinez de Alaba elkarteko kideak.

Elkarteak urte asko daramatza Olentzeroren pertsonaia eta tradizioa berreskuratzen eta zabaltzen. Egun Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritako Olentzero elkarteekin elkarlanean aritzen da: Baiona, Lesaka, Bera edo Baztango herrietakoak, besteak beste.

Elkarlanari esker, Nafarroako Erriberako hainbat herritan ere hasiak dira Olentzeroren festa egiten. Tuteran ikazkinaren etorrera ospatzen aspaldian hasi baziren ere —1972an atera zen lehenengoz kalera—, beste hainbat herritan tradizio hori berriagoa da. Egun Erriberako beste zazpi herritan egiten da: Ablitas, Zarrakaztelu, Corella, Cascante, Castejon, Cortes eta Villafranca. Corellan joan den urtean hasi ziren Olentzeroren festa ospatzen, eta aurten, beste herri bat gehitu zaie: Ribaforada.

Diasporara zabaldu

Ikazkina Euskal Herriko mugetatik kanpo ezagutzeko, eta, batez ere, euskal diasporan hedatzeko, eginahal berezia ere egiten ari da Olentzeroren Lagunen Elkartea.Horretarako, www.olentzero.net webgunea ireki zuen joan den urtean. Webgunean informazio ugari topa daiteke: Olentzeroren inguruan egindako ikerketak, tradizioaren jatorria, gaiaren inguruko bibliografia eta zenbait herri eta hiritan egiten diren festen inguruko informazioa, besteak beste. Atarian Olentzeroren ospakizun askotako 2.000 argazki ere bildu dituzte.

Ataria iragan abenduan jarri zuten martxan, baina hilabete batzuk geroago, martxoan, Madrilgo hacker batzuen erasoak erabat desegin zuen. Ataria erabat berregin behar izan dute. Berriro abiatu zutenetik 16.000 bisita baino gehiago jaso du. Bisitari gehienak Espainiatik aritutakoak izan dira. Ondoren, eta bisitarien hurrenkeran: Frantziako, AEBetako eta Argentinako herritarrak izan dira.

Atzerrian bizi diren euskal herritarren interesa «handia» dela dio Martinez de Alavak. «Olentzeroren tradizioaren berri emateko tresna oso garrantzitsua izan da ataria». Eta emaitzak biltzen ari da ataria. Aurten Ribaforadan ez eze, Londresen eta Sydneyn ere ospatuko dute Olentzeroren etorrera.

Lehenengo aldiz ikazkinaren eta Mari Domingi emaztearen festa egingo dute Londresen larunbat honetan ere. Jaia bazkari eder batekin hasiko dute, eta behin sabela ongi bete ondoren, trikitilariek joko dute, euskal kantuak abestuko dituzte eta txalapartaren soinuak ere entzungo dira. Festa bukatzeko, haurrentzako opariak banatuko dituzte. Ospakizuna Bethmal Green auzoko Oxford Housen eginen da.

Sydneyn, berriz, oraindik ez dute zehaztu egunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.