Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren lehen atala aurkeztu du Errigorak. Nafarroa hegoaldeak berezko dituen produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da Eskutik eskura, eskaerak urtean behin eginez, eta urte guztirako beste eskatuz. Otsailean oliba olio birjina estra; maiatzean, berriz, kontserba loteak.
"Kontsumitzaile arduratsuak herriz herri saretzeko" saioa ere bada, Errigorak azaldu duenez: "Auzolana bitartekari, talde handietan antolatuta, eskaera handiak bideratzeko modu bat. Orain arte, 50 bat herritan 3.000 etxe inguru saretu gara eta, iazkoan, 9.100 bidoi banatu genituen; 45.500 litro olio".
Otsailaren 19tik martxoaren 2ra, Nafarroa hegoaldeko oliba olio birjina estra eskatzeko tartea izango da, 5 litroko bidoietan, "ekoizle zein kontsumitzaileentzat bidezkoa den prezioan". Bidoi ekologikoa 32 euroan eta konbentzionala, 22 eta erdian: errotan bertan duen prezio bera. Olioa lau errotak jarriko dute aurten: Cascanteko La casa del Aceitek, Ablitasko kooperatibak, San Isidro del Pinarreko Bardeak eta Arroitzeko Ekolok.
2014an, lehen kanpaina errota bakarraren parte hartzearekin egin ostean, iazkoan bi izan ziren; aurten, berriz, laura igo da kopurua.