Ezarrian. Oliba Nafarroan

Olio ona bertatik bertara

Joan den hilabetean bukatu zen oliba bilketa Nafarroan. Orotara, 22 tona pasatxo oliba eho dituzte. Ateratako olioa, batez ere, bertatik bertara eta Euskal Herrian saltzen da, baina atzerrian ere hasi da bidea egiten.

Bilketa bukaturik, olibondoak hutsik, uztarik gabe daude Arroizko zelaietan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Arroitz
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Oliba biltzeko traktoreak geldirik daude Nafarroan, baita dolareetako makinak ere. Joan den hilabetearen erdialdean bukatu zen oliba bilketaren sasoia. Herrialdean dauden hamahiru dolareetan 22,1 tona oliba eho dituzte, eta lau milioi eta erdi litro olio ekoitzi dira. Horietatik zenbat salduko diren Nafarroako jatorri izenarekin oraindik ez du zehaztu sor-markako dolareak biltzen dituen elkarteak. Jatorri izenarekin zazpi dolare daude, eta 2.700 hektarea dituzte.

Nafarroa erdialdeko lau dolare nagusietan, 12,6 milioi kilo oliba eho dituzte; aurreko urtean 13 milioi kilo eho zituzten. Mendabian eta Arroitzen, batik bat, aurtengo denboraldian produkzio jaitsiera izan dute, %10 inguru. Arrazoia: uzta biltzen hasi aurretik egin zuen izotza. Maiatzean ongi loratu ziren olibondoak, eta uda ez zen izan lehorra. Horrek olibari ongi gizentzeko aukera eman zion. «Bilketa azaroaren hasieran hasi genuen. Oliba primerakoa zetorren, baina azaroaren bukaeran izotz handia egin zuen, eta tenperatura 4 eta 6 gradu jaitsi zen zero azpitik. Hortik aurrera eta sasoia bukatu arte jaso genuen oliba erabat izorratuta zegoen», dio Roberto Gracia La Maja Mendabiako oliotegiko kideak. Oliba horren kalitatea ez da ona, eta hortik ateratako olioa ezin daiteke kontsumorako bideratu.

Oliba kiloa 0,25 euro inguru ordaindu dute. «Batzuetan 60 pezeta —0,36 euro— ere ordaindu izan dugu. Olioaren etekinaren araberakoa izaten da prezioa. Zenbat eta grasa etekin hobea eduki olibak, garestiagoa izaten da», azaldu du Graciak. Hiru oliba mota biltzen dituzte: arbekina, empeltre eta arroitz. Hirurek dute Nafarroako sor-marka, baina ezaugarri ezberdineko olioak egiten dira bakoitzarekin.

Nafarroa erdialdeko beste dolare nagusian, Vianan, joan den urtean baino kilo gehiago eho dituzte. Orotara 4.850.000 kilo oliba, eta 970.000 litro olio atera dituzte. Baina igoera ez da gertatu aurtengo sasoiko uzta ona izan duelako, baizik eta oliba inguruko eskualdeetatik ekarri dietelako: Arabatik eta Espainiako Errioxatik eta Aragoitik oliba ehotzera eraman diete, eta horrek handitu du produkzioa.

Alabaina, Erriberan, laugarren urtez jarraian izan dute uzta hobea. Aurreko sasoian baino %10 gehiago produzitu dute. Orotara, 1,9 milioi litro olio ekoitzi dituzte, inguruko bederatzi dolareetan 9,5 tona oliba eho ondoren.

Urtetik urtera gertatu den produkzio igoera ez da izan kasualitatea. Erriberan orain daude sasoi betean duela urte batzuk ezarri ziren oliba landare berriak, eta oparo hasi dira olibak ematen. gainera, azken kanpainetan olibondoek ez dute izurriterik izan eskualdean, eta euliak ez die eraso. Horrek oliba egoera onean biltzeko aukera eman die nekazariei.

Esportatu, gero eta gehiago

Gainontzeko sektoreetan gertatu den moduan, olioaren merkatuan ere igarri da krisia. Oraindik ere Nafarroako dolareetatik ateratzen den olioa, hein handi batean, bertatik bertara saltzen da. Bezeroa dolarera biltzen da erostera. «Dolarera lagun franko etortzen da. Atean dezente saltzen dugu», dio Graciak. Mendabiako La Maja familia enpresan esportazioan indarra jarriz egin diote aurre krisiari. Aurten ekoitzi dituzten 222.500 litroak salduko dituzte. «Produzitzen dugun guztia saltzen dugu», azpimarratu du Graciak. Krisiarekin orain arte betiko merkatua izan dutenean —Euskal Herria eta Espainiako iparraldea—bezero berriak egitea «ezinezkoa» ei da. Horregatik, aterabidea atzerrian saltzen aurkitu dute. «2-3 urte daramatzagu esportatzen. Europan olio onaren kontsumoa igotzen ari da. Gero eta jende gehiagok nahi ditu kalitate handiko produktuak, eta hori baliatu dugu gure produktua saltzeko. Egun gure negozioaren %30 dira esportazioak».

Mediterraneoko herrialdeak oliba ekoizle handiak izanik, Mendabiako enpresaren merkatua Europa iparraldeko herrialdeetan dago. Gehien saltzen duten tokia Erresuma Batua da. Alemanian, Herbehereetan eta Luxenburgon ere nahiko ongi saltzen ari dira, eta Noruegara eta Suediara ere hasi dira zabaltzen.

Krisiak zerbait ona izan duela uste du La Majako bazkideak: «Gure produktuekin kanpora joatea behartu gaitu, eta hori ona da, oso kalitate oneko produktuak egiten ditugula froga dezakegulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.