Boveda herritik abiatuko gara. Autoa igerileku parean utzi eta San Pantaleon de Losara doan errepide nagusitik hasiko gara. Hala, 60. zenbakidun etxe parean garela, ezkerrera egin, Omecillo ibaiaren gainetik igaro eta eskuinetik segituko dugu bide asfaltatu batetik. GR 1 Zidor Historikoaren marka berriak ikusten dira. Zidor balizatuak Horca mendateraino lagunduko digu. Bovedako mendilerroari begira izango gara laster. Cueto eta Castro Pozos muinoek sortutako behe-ibarretik igarotze aldera, noranzkoari irmoki eutsiko diogu. Larre batzuetara iritsita, pistaren arrastoa segitzea zaila dela han, belarrezko ubide bati jarraituz pinudira joko dugu. Hesi batera heltzean, alanbrea gurutzatu, ezkerrera jo eta haren ondoan segituko dugu, bizpahiru minutu besterik, ez belarrezko igarobide batetik. Ondoren eskuinera okertu eta pagadiak hartu duen behe-ibarrerantz zuzenduko gara. Basotik irtendakoan, iturri eta edanleku batera iritsiko gara.
Adi ibili behar dugu iturri inguruan, basa pistak banantzen dira-eta han. GR 1 zidorrak eskuinera okertuko du iturritik metro gutxira. Arte polit baten ondora iritsi baino lehen, harresi bat zeharkatu eta Cueto muinoren mendebaldeko lepotik behera egingo du Funfunille ibarrera jaisteko. Bovedako errepidetik gertu garela, hesi bat zeharkatu eta ezkerrera egingo dugu. Onodren, galsoro bat inguratuko dugu eskuinetik, eta ibarra korritzen duen errepidera berriz ere hurbilduko. Asfaltoa ukitu gabe, ordea, ezkerrera egin eta bi galsororen artetik igaroko gara. Eremu zabal eta garbi batetik jarraituko dugu gero, betiere ipar-mendebaldera eginez. Goratasuna hartuko dugu magalean ikusten dugun harresi baten ondora hurbiltzeko ahaleginean. Harresiarekin bat egingo dugu Horcara doan errepidearen bihurgune itxi batera heltzerakoan. Errepidera iritsita, zidorrak gora bideratuko gaitu, eta harresitik aldenaraziko. Arte batzuen ondora helduta, Horca mendateraino lagunduko digupista batek.
HORCATIK BOVEDAKO ETXALDERA. Mendateko mugarri altuaren ondoko metalezko eskailera gurutzatuta, gorantz jo eta alanbrearen paretik metro batzuk egin ostean, ezkerrera egingo dugu Horca haitza inguratzeko. Lepo batera helduko gara segituan. Aurrez aurre Losako Peñaltaren horma gorrixka ikusiko dugu. Metro batzuk maldan behera egin ondoren, eskuinera okertu eta zeharka ibilita, Horcatik datorren alanbre ondoan jarriko gara berriz ere. Alanbrea eta pinudiak bidaide, gora egingo dugu (iparrera) gero, pista batekin topo egin arte. Losa ibarreko Zidorra deritzon PRarekin bat egingo dugu pista horretan. Eskuinera joko dugu eta Yera eta Peñalta mendien arteko Moniteriko lepora iritsiko gara. Gobiaranen eta Losa ibarren gaineko bista ezin hobeak eskaintzen baitituzte tontor horiek bi-bietara igotzea proposatzen dugu.
Moniteriko lepoan, iparrera egingo dugu Boveda eta Rio de Losa herrietako basoak bereizten dituen hesia lagun. Ia-ia kilometro batez norabideari eutsita, Bovedako Etxaldeko metalezko ateraino iritsiko gara. Losako zidorrak ezkerrera egingo du hor Toyo otsazulotik igarotzeko. Guk, aldiz, atea gurutzatu eta alanbretik aldendu gabe, Losako haranera begira jarri arte segituko dugu. Orain arteko baso trinkoek larre zabalei utziko diete tartetxoa. Orduko kutxa probintzialaren ekimenez, ereiteko patata eremua abian jarri zen orain hamarkada batzuk Bovedako etxalde horretan. Goratasuna (900 metro inguru) eta erliebearen ezaugarriak baldintza ezin hobeak izan omen ziren-eta esperimentazio lanotarako. Gaur egun ardien, behien, behorren eta zaldien erreinua da, basoaren soiltze hura delarik ekimenaren porrota gogora ekarriko digun irudia.
Larreetatik paseotxo goxoa eginda, Lagunilloko muturreko hormatzarraren ondotik igaro ondoren, iturri batera helduko gara. Iturri hori erreferentzia da Pico Corral haitzulora joateko, baita Bovedara itzultzeko bidea topatzeko ere. Iturritik hurrengo muinora igota, gainaldeko hesiaren azpitik igaro eta ipar isuriko amildegian dagoen haitzulora bidea ikusiko dugu. Harrizko eskailera batzuek lagunduko digute haitzuloraino. Iturrian berriro ere, larrean gora egingo dugu, zeharka eta eskuinera aldi berean. Zelaiak inguratzen dituen pista bat ikusiko dugu gainaldean. Hegoaldera egingo dugu pista nagusitik. Pozolao eta Vallestable behe-ibarren artean ibilita, Bovedara iritsiko gara.
Mendi ibilaldia
Omecilloren iturburuetan
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Boveda, Horca, Moniteriko lepoa, Losa, Lagunillo, Pico Corral, Yera, Losako Peñalta
- Distantzia: 13 km.
- Iraupena: 3 ordu ea 45 mn.
- Ingurunea: Zidor Historikoa eta Losako zidorra bidaide, Omecillo ibaiaren iturburuen inguruan ibiliko gara.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu