Maratila

Ondarroako irribarrea

Ane Muñoz.
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Zirrizku batetik bizitzaren alderantz nola edo hola begiratzerik balu, gaztetandik kamerarekin egin zuen bezala, ederki jakingo luke, bai, nola utzi duen giroa, nola etxea, nola herriko kaleak. Eta nola urteetan han eta hemen ezagutu dituen ikus-entzunen munduko lankide eta lagunak. Azken horien artean, ni neu. Itsasoaren beste aldera iritsi zait zorigaitzeko berria, ai ama, Aitzol Aramaio joan dela, hau pena. Bat-batean, haren begi txikiak eta irribarre bihurria etorri zaizkit gogora. Ondarroako irribarrea.

Sekula elkarrekin lan egin gabeak baginen ere, film laburren aitzakiarekin hainbat egoera partekatu nuen Aitzolekin. Berlinen ezagutu nuen; hain zuzen, film laburren jaialdi berean parte hartu genuen hartan. Euskaldun batek Terminal izenburuko lan ikusgarriarekin sari nagusia jaso zuela eta, norbaitek aurkeztu gintuen. Zorionak, Aitzol. Handik hilabete batzuetara, berriz, Donibane Lohizunen, euskal laburren emanaldi berera gonbidatu gintuzten. Oso oroitzapen polita datorkit Iparraldeko ikus-entzuleen aurrean elkarrekin eskaini genuen solasaldi hartatik. Jatorra zen, eta burua, ene, bere tokian ondo finkatua zuela nabarmen utzi zidan, berriro. Hura zen tipo alaia, erraza, kalekoa, argia, bizia eta azkarra.

Un poco de chocolate luzea estreinatu zuenean, ametsa bete berria, zein pozik, irratian bat egin genuen. Telefonoaren beste aldetik hitz egin bazidan ere, betiko irribarre hura sumatu nion filmaz ari ginen bitartean. Xumea zen gero!

Adio, Aitzol; inon bazaude, zaude lasai: utzitakoak gurekin daude, eta zainduko ditugu. Horientzat, besarkada handi bat bihotzez, goraintziak eta animo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.