Komunikazioa. Ekografiak

Ondo kokatzea

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Aldaketak etengabeak dira telebistan. Batzuetan, kolpetik etortzen dira; besteetan, su apalean luze egositakoak izaten dira. Azken asteak utzi dizkigu nobedade ugari, lehen taldekoak batzuk, bigarren multzoan sartzekoak besteak. Asteazkenean esan bagenuen Mallorcan hasi direla telebista kateak ixten—irlako telebista-irrati publikoak gogoan, goian beude—, hobe genuke esan izan bagenu Mallorcatik hasi direla: asteazkenean bertan, berripaper honen bidez jakin genuen dagoeneko azkena emango duela Gipuzkoa TB tokiko kateak. Lehenago deitu deabrua, lehenago etorri bera —proba egin dezagun: Intereconomia aipatuko dut gaur; aipatu baino ez, ea patuak egiten duen bere lana—. Euskarazko komunikabide ez-publikoen egoera aipatzen genuen asteazkeneko testuan, zail dutela benetan, ekonomikoki estu, eta horien artean sartzen dira tokiko telebistak. Ez dute etorkizun hurbila bereziki garbi. Ikusiko.

Gero, eta telebistan ere sexu bereko matrimonioak legeztatu zirenetik ohiko denez, Espainia aldeko kate handietako biren ezkontza iragarri zaigu asteon: Antena3 eta LaSexta etxeek adierazi dute bat egitea, edo, hobeto esan, lehenak bigarrena beretzea, horixe baita gauzatuko dena. Ikusteko dago hemendik aurrera zer gertatuko den beretuaren programazioarekin, adibidez. Ea beteko ote duten lurrak irensten dituen lehiakideez betetako programekin, ea ematen dioten beretzaileari eman nahi dioten —baina, nire iritzian, asmo hutsean baino geratzen ez den— itxura serio hori. Edo, aldiz, eta hasierako asmoaren arabera, errespetatzen duten programazio propiala. Ezen, esaterako ideologikoki, gertu ez baizik urrun omen daude bi kateon lerroak, nahiz eta gero batek sasitik gehiago duen ezen ez ezkerretik. Horiek horrela, bada kezkarako motiborik: Espainiako ikus-entzunezkoen panorama duopolio bilakatuko da, publizitatearen %85 kontrolatuko duen buru biko munstro.

Dena den, iruditzen zait azken egunotan telebistan gertatu den aldaketarik garrantzizkoena beste bat izan dela: Hilario Pino Cuatro kateko informatiboetako aurkezlearen adats berria. Burusoil izan eta urguiluz erakusten zuela ematen zuen. Baina keba. Modan dago ile txertaketa. Hori edo mundu guztia ari dela bere ilajea —eta ipurdia— berriz ondo kokatu nahian, LTDaren garai nahasiotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.