Garaiak aldatzen badira ere, oraindik akordeoi jotzaile ugari dago Euskal Herriko bazterretan. Xalbador Madariaga (Arantza, 1957) txiki-txikitatik ibili da Nafarroako eta inguruko bazterrak bere akordeoiarekin animatzen. Jendeak kantu eta dantza egiten duen bitartean, ez du nekea ezagutzen.
Zer moduz doa aurtengo uda? Alderik dago aurreko urteekin?
Krisiak musikariongan ere eragina izan du. Batetik, herrietan besta egunak murriztu dituztela nabari da. Zenbait herritan, igandea kendu dute, eta, gainera, orain bestak astebururako uzten dira anitzetan. Duela 30 urte santu egunaren bezpera ospatzen zen, eta, gaur egun, toki askotan egun hori kendu da. Bertzetik, diruari gehiago begiratzen zaio orain. Lehengoan, adibidez, irailerako hitzartuta neukan emanaldi bat bertan behera uzteko deitu zidaten. Arrazoia diru laguntzarik jaso ez zutela izan zen.
Plazan azkenaldian jende gutxiago ibiltzen dela sumatu al duzu?
Igualtsu ibiltzen da. Tokiaren arabera da hori. Ostatuan musika jartzen duten tokietan, jende gaztea bertan gelditzen da. Herri ttipietan, plazako musikak iraun bitartean jendea plazan gelditzen da.
Azken urteotan lehiakideak agertu zaizkizue: DJak. Garaiak aldatzen ari diren seinale?
Gauzak beti mugitzen ari dira, alde batetik bertzera. Betidanik eraman dute herriek akordeoia.Eta eramaten segitzen dute. Herri handiagoetan eta ezkontzetan, agian, aldatu egin da, bai.Hala ere, gure herri txikietan, akordeoi jotzailea eramateko ohitura mantentzen da.
Plazetako erromeriak krisian omen daude. Zer iritzi duzu hortaz?
Aspalditik erran da hori, baina oraingoa baino garai txarragoa ezagutu dut. Herriko bestetan, gaur egun, jendea plazara biltzen da oraindik ere. Lehen, jotzen nituen abesti motengatik gehiago galdetzen zidan jendeak. Orain jendeak denetarik dantzatzen du.
Xalbador Madariaga. Akordeoi jotzailea
«Oraingoa baino garai txarragoa ezagutu dut nik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu