Iazko ekaitzak utzi beldurrak urruntzen lagundu ditu atzoko zeru garbiak. Ostiral gaua bertan behera utzi behar izan baitzuten iaz, jaialdia hastear zegoela alimaleko haize uhar euritsuak kalte larriak eragin baitzituen. Aldi honetan, eguraldiaren berri emaileek iragarri eguzkia eta zeru garbia egiaztatu dira. Eta horrekdoi bat lasaitu du EHZren 16. edizioaren hasiera.
Ttuku ttuku abiatu da Heleta (Baxenabarre), akanpatzera etorrien erritmoan. Zaku pizuak karreatzen bizkar gainean, apo armatuen gisara. Ttuku ttuku, oihal etxeak instalatzen. Usaiako eszenak. Bizkarrak konkontuak, baina begiak asmoz beteak.
EHZko motorrak gasolioa behar du. Berotzeko denbora pixka bat hartzen du, baina behin berotu eta, badoa sendo, kilometroak akumulatzeko prest, eta geldiarazteko ere, zaila izan daiteke. Datu batzuk berez mintzo dira. Gaua oraindik ez zela iritsia hiru egunetarako etorriak direnen akanpalekuan ez dago jada lekurik. Lehen aldia da betetzen dela osorik.
Musika aldetik, jaialdia osatzen duten 5 eszenak pizten hasten dira, bata bestearen ondotik. Lehena musika kolektiboena izan da, Mojito System rap taldearekin. Entzule guti oraindik, baina kementsu, beren gisan erritmoan sartzen. Ondotik, Moï Moï kolektiboak hartu dio lekukoa, musika elektronikoarekin. Estilo arrunt intimoago batean, Aguxtin eta Battitt gitar eta piano soinuek lagundu boz goxoz aritu dira Itsasoa ostatuan. Noiztenka Cirkalouest zirkoko artistak halako flash labur batzuk eginez alegeratu dituzte bazterrak.
Etorri da baita Anariren ordua. Akustikoan aritu da, bakarrik, bere ahots eta gitar soinuaren indar sarkorra lagun. Eta hortik aitzina, gauzak hasi dira alde guztietatik. Eszenatik eszenara, aurten ere, bakoitzak egin dezake bere jaialdia. Estilo batetik bestera.
Amy Winehouse, Kortatu, Kepa Junkera, denetarik, Plazako ostatuetan egon direnentzat, bozgorailuetako musika grabatuari esker. Asteburua hasten ari dela sentitzen da. Lagunak elkartu eta kalakan aritzeko gogoa, belarriak musikaz bete aitzin.
Eszena nagusian, hor dago Tokyo Sex Destruction Villabonako taldea. Ez dituzte entzule anitz, baina dituztenak gustura daude hor. Taldea zein den ere ez dakite batzuek, baina soinua ona dela, eta hori aski.
Azpimarragarria izan daiteke baita, ikustea adin guztietakoak nahasten direla lehen ordutik. Gazteak, kontzertuak entzun eta besta egitera etorriak, baita haur txikiak ere, gurasoekin, memento goxoak pasatzera. Badira ere adinekoak, horietako anitz herrikoak. Kuriositatez etorriak: «Zergatik ez, ez? Ontsa da kurios izatea, ala?», umorea ez du eskas Marie-Agnèsek. Egitaraua eskuen artean, eszena batetik bestera dabil, goxoan, etxean bezala.
Etxean bezala dira anitz, usaiak harturik. Hirugarren aldiz Heletan. Antolatzaileentzat bezala, bisitariak ere hasiak dira lekuen identifikatzen. Agian lekua zein ederra den ahanzteraino. Beharrik, hor daude kanpoko taldeak, horren gogorarazteko. Morcheeba, adibidez. Bere arropa gorri eta zuriarekin jolasean, ahots goxoz josi musika, hegaldatzeko gogoa ematen duen horrekin dabil. Orain bai, publikoa kopuruan hurbildua zaio. Pentze nagusia betetzen ari da, eguzkiak gauari lekua uzten diola, erritmo berdintsuan. Gitarrista umoretsu eta zoraturik, dirudienez, bazterrean dituen mendi berdeez, zein leku ederra den behin eta berriz errepikatzen dabil. Eta begiak eszena gainetik jalgi, bazterretara so egin, eta egi hori baieztatzen da berez. Badira ere beste detaile batzuk, jaialdi hau berezi egiten dutenak. Patata frijituak, adibidez. Gustudunak. Harritzeraino. Zein onak diren bat baino gehiago ari da, eta bereziki jaialdi batekoak direla jakinik. Detaile batzuk agian, baina anitzetan detaileak dira gelditzen.
Ezarian. Euskal Herria Zuzenean
Oraingoan,eguzkia lagun
Aguxtin ta Battitt, Morcheeba, Killers, Mojito Systems eta Anarirekin, 16. EHZ jaialdiak gaurko eta biharko motorrak ederki berotu zituen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu