Oreinen ugalketa ez oztopatzeko, aisialdia mugatuko dute Gorbeian

Bideoa: orein arren orroak, iaz Gorbeian (Felipe Eizaguirre).

Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abuztuaren 28a
17:09
Entzun

Uda bukatzearekin bat hasten da oreinen ugalketa garaia. Horregatik Arabako Foru Aldundiak Gorbeian trafikoa mugatzea erabaki du. Oreina ugari ibiltzen da bertan eta ugalketa prozesua ez oztopatzeko hartu dute trafikoa mugatzeko erabakia. Irailak 3an hasi eta urriak 7ra arte egongo da indarrean.

Neurri horrekin, ugalketa garaian oreinen sakabanatze geografikoa ekidin eta kanpoko eragina gutxitzea du helburu aldundiak. Amaia Barredo Ingurumen eta Hirigintzako zuzendariak adierazi duenez, aurreko urteetan neuri hau hartzeak espeziearen “onerako” eragin du, horregatik erabaki dute aurten berriro errepikatzea.

Ezohiko kasuetan soilik onartuko da ibilgailu motordunen trafikoa Gorbeian. Gainera, mugatutako errepideak adierazita egongo dira. Bide hauetan txirrindulaz edo zaldiz ibiltzeko baimena eskatu beharko da. Oinezkoek, aldiz, mugatutako eremuetan ibiltzeko pista nagusia jarraitu beharko dute eta ezingo dute bertzelako biderik hartu. Perretxikoak biltzea ere galarazita egongo da.

Oreinen ugalketa ikusi nahi duenak horretarako bereziki prestatutako lekuetan soilik egin ahal izango du. Isiltasuna mantendu beharko da. Ugalketa garaian arrek egiten duten orro berezia grabatu nahi bada, kameren flashik gabe egin beharko da. Leku horietatik kanpo grabatzeko, gainera, baimen bereziak eskatu beharko dira.

Orro ozenak

Naturak eskaintzen duen ugalketa fenomeno berezienetako da oreinena. Ugalketa garaian basoa utzi eta ingurune zabaletara jotzen dute, eta arrak euren artean lehiatzen hasten dira. Elkar desafiatzeko orro ozen eta ugariak botatzen dituzte. Inguru batean ar bat nabarmendu ondoren, bertan bizi diren emeak berak estaliko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.