Ezarian. Euskal Herriko organoak

Organoaren doinuak liluratuta

Organo ondare handia dago Euskal Herrian, baina asko ez daude egoki zainduak eta balioetsiak, adituen ustez. Akilino Amezua organogilearen mendeurrena dela eta, kontzertuak eta hitzaldiak antolatu dituzte.

XVII. mendean Lerinen hasi ziren organogile garrantzitsuenak lanean. Irudian, Jasokundearen Amaren elizako organoa. IDOIA ZBALETA / ARGAZKI PRESS.
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Organo ugari daude Euskal Herrian, batzuk oso baliotsuak eta ederrak. Guztiak ere, bakarrak. Haize instrumentu hori, batez ere, eliza eta monasterioetako elizkizunetako kantuak laguntzeko erabili izan da. XIX. mendetik aurrera organo sinfonikoaren sorrerekin batera, musika profanoa interpretatzeko ere erabili izan da. Horrela, ohiko kokalekutik atera eta auditoriumetara ere pasatu da. Dena dela, oraindik ere, elizetan eta monasterioetan daude gehienak. Salbuespenak salbuespen, ongi zaintzen ez den ondarea dela uste dute adituek.

Alexandriako Ctesibio asmatzaile eta matematikari greziarrak ez zuen pentsatuko berak uretarako asmatu zuen organoa gerora musika instrumentuaren aurrekari izanen zela. Harrezkero, ezin konta ahala organo egin dituzte munduan. Euskal Herrira Donejakue bideko erromesek ekarri zituzten lehen organo ibiltariak, organogile flandiarrek, frantsesek, italiarrek eta katalanek eginak. Nafarroako erregeek bazituzten jada organistak haien kargu, baina, Elizaren laguntzarekin, organoaren erabilera XVI. mendetik aurrera hedatu zen Euskal Herrian. XVII. mendean, batetik, Lerinen (Nafarroa) hasi ziren organogile garrantzitsuak lanean: Domingo Mendoza eta Felix Ioldi. Eta, bestetik, Gipuzkoako Oñatin, Eibarren, eta baita Bizkaiko Elorrion ere. Organo iberiarra bi eskola horien bidez sortu zen. Jose Etxebarria apaiz bizkaitarraren eskola izan zen garai horretan ezagunena, eta iberiar penintsulako organo barrokoaren aitatzat har daiteke. Garai horretako organo asko daude Euskal Herrian. Ziortza-Bolibarreko (Bizkaia) Kolegiatan dagoena da zaharrena. 1686. urtekoa da, eta Etxebarriak egin zuen. Lehen organo egonkorrak Nafarroako errege-erreginen gorteetan zeuden, baina historia ahaztu gabe, egun Euskal Herrian dauden organo esanguratsuenak XVII. eta XVIII. mendeko barrokoak, edo XIX. mendeko erromantikoak, organogile euskal herritar edo atzerritarrak eginak dira.

Hainbat eragin

Dena dela, herrialde batetik bestera badaude aldeak, eta bakoitzean dauden organoek zerikusia dute toki horietako historiarekin, industria garapenarekin eta musika eragin eta nahiekin. Aurelio Sagaseta Iruñeko katedraleko kanonikoak Luis Taberna organo jotzaile altsasuarrarekin batera Nafarroako organoak sailkatzeko egindako liburuan, jada herrialdea bi zati nagusitan banatzen dute. Berrehun organo inguru daude, guztiak ere eraikin erlijiosoetan. Mendialdean, XIX. mendeko organo erromantikoak dira nagusi, eta hegoaldean eta erdialdean, berriz, barrokoak. Faktore ekonomikoak eta inguruko herrialdeen eragina ahaztu gabe, Jose Luis Etxetxipia organo jotzaile iruindarraren ustez, banaketa horrek zerikusia du batzuen eta besteen izaerarekin. «Erriberan ikusgarritasuna, kolorea eta soinu sutsua dute gustuko, eta horrelakoa da organo barrokoa: ikusgarria. Mendialdean, berriz, asko balioesten da taldean abestea eta musika hain gartsuak ez izatea. Organo erromantikoak soinu azaleztatuagoa du, ez da hain ikusgarria». Bizkaian eta Gipuzkoan ere ez daude organo faltan, hirurehun inguru daude, eta bospasei dira XIX. mende aurrekoak. Beste guztiak erromantikoak, edo XX. eta XXI. mendean eraikitakoak dira. Gipuzkoan, ondare gehiena erromantikoa da. Ataunen dago organo barroko bakarra. Organo sinfonikoak dira eta Cavaille-Coll eta Stolz organogile atzerritarrak egin zituzten, batik bat. Garrantzi handiko organoak daude Donostiako Andre Maria elizan eta Tolosako San Bizenten. «Horrek adierazten du organoa asko erabiltzen zela, eta herrian egonkortutako ohitura zela», dio Etxetxipiak. Bizkaian ere antzeko bidea egin zen, eta ugariak dira organo erromantikoak. Barrokoak, ordea, gutxiengo dira. Araban, berriz, berriro nagusi dira organo barrokoak, tradizio historikoagatik harreman handia izan duelako Gaztelarekin (Espainia) edo muga egiten duen Nafarroa hegoaldekoarekin.

Iparraldean badira ere instrumentu erromantikoak, baina ez Gipuzkoan eta Bizkaian bezain bikainak. Nafarroa Behereko Baigorrikoa da salbuespena. Alemaniako barroko estiloko organo berri bat eraiki zuten joan den mendean, horrela egin nahi izan zutelako. Helburu argia zuten: Sebastian Bachen eta jarraitzaileen musika jotzeko aukera izatea.

Akilino Amezua gogoan

Akilino Amezua organogile gipuzkoarraren mendeurrena ospatu dute aurten. Euskal Herrian dauden organo erromantiko garrantzitsuenetakoak egin zituen Amezuak XIX. mendean. Berako (Nafarroa) San Esteban elizakoa edo Zornotzako (Bizkaia) Andre Maria elizakoak, adibidez. Mendeurrena baliatuz, haren sorterrian, Azpeitian, antolatu den hitzaldi eta kontzertu zikloa gaur bukatuko da. Omenaldiekin jarraituz, Jose Luis Etxetxipia organo jotzaileak eta Sergio del Campo organogileak, haren omenez, hitzaldia eta kontzertua eskaini zuten berriki Beran. Nafarroan eskainitako hitzaldia eta kontzertuaberriz egingo dute Zornotzan abenduaren 15ean. Bizkaiko herriaren kasuan, gainera, ospakizuna bikoitza da, Akilino Amezuak egindako organo zaharberritua entzuteko aukera izanen delako.

Sergio del Campo organo konpontzaile bizkaitarrak hamaika organo moldatu ditu hemen zein atzerrian. Urtebete darama Zornotzako Andre Maria elizako organoa moldatzen. Organo erromantikoa Amezuak eraiki zuen 1896 eta 1898 artean. Amezuak Bartzelonan egin zuen lan, Lope Alberdi bizkaitarrarekin. Hango lana utzi eta anaiarekin Azpeitian jarri zen lanean.

Adituen arabera, Akilino Amezua XIX. mendeko organo konpontzaile nagusietakoa izan zen. Zaharberritze lana lan luzea izan da, 1954. urtean organo mekaniko zena pneumatiko bihurtu baitzen. Orain, Amezuaren hasierako lanera egokitzea izan dute helburu, eta «lan arkeologikoa» egin behar izan dutela azpimarratu du Del Campok. Amezuaren Zornotzako organoarekin gertatutakoa beste askorekin gertatzen dela dio organo konpontzaileak. «Ez dira behar bezala zaindu, eta ez badira jotzen zahartu egiten dira». Europako beste herrialde batzuekin konparatuta haiekiko aldea «ikaragarria» dela dio. Bi arrazoirengatik: musikan heziketa faltagatik eta Elizaren baliabideen gutxitzeagatik. «XIX. eta XX. mendean egon zen pizkunde ahalegin bat, baina Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren, elizetan beste instrumentu batzuk sartu ziren modernismoaren izenean, eta dena pikutara joan zen. Organo batzuk ongi mantentzen dira, baina salbuespena da». Iritzi berekoa da Etxetxipia. Erakundeen sentsibilitate falta ere aipatu du. «Mendebaldeko gure kulturan elizan garatu da organoa. Eremu profanoan, gurean, Bilboko Euskaldunak bakarrik du organoa. Kursaalek eta Baluartek ez dute. Ez da sentsibilitaterik egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.