«Oro har, nahikoa da bost udatan egotea defentsak normaltzeko»

Ukrainako haurrak harreran hartzeko familia bila dabiltza. Erabakia hartu aurretik ondo hausnartzeko eskatzen dietela dio Angulok.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
«Pozik gaude, hainbat familia agertu zaizkigulako», dio Txernobilgo Umeak elkarteko kide Enrique Angulok. Baina oraindik ere gehiago behar dituztela ohartarazten du. Azaroaren 5ean batzartuko dira Ukraniatik datorren ume bat hartu nahi duten familiekin, Boluntaren egoitzan.

Zergatik da garrantzitsua Txernobyl inguruan bizi diren umeak handik ateratzea?

Egunerokotasunean inmunologia sistema ahultzen dieten erasoak sufritzen dituzte. Hortaz, ezinbestekoa da kutsatutako inguru hartatik irtetea, defentsak indartu ahal izateko.

Zenbateko mesedea egiten dio haien osasunari gurean egoteak?

Datuetan ez dut sinisten, baina nabarmena da defentsak hobetzen zaizkiela. Adibidez, negu gogorrak dituzte han, eta edozein birus edo gripe hartuta, asko gaiztotzen zaie gaixotasuna. Hemen egon ostean neguari indartsuago aurre egiten diote. Etxean izaten dudan neskatiletako batek kontatuta dakit, urterik urtera gutxiagotan joaten dela ospitalera.

Abuztuan elkarteko kide batzuk Ukrainara joan ziren umeekin, hango egoera zein den bertatik bertara ezagutzeko. Zer aurkitu zuten?

Urtero joaten gara etxera itzuliko diren umeak laguntzera, eta hurrengo urtean programan parte hartuko dutenak ezagutzera. Muturreko egoeretan bizi diren familiak ezagutzen ditugu. Gizartean desberdintasun handiak ikusten dira. Kanpotik, badirudi Ukraina asko aurreratu eta hobetu dela, baina bertatik bertara egoera bestelakoa da, oso gordina. Txernobyldik gertuko herrixketako umeen egoera negargarria da.

Neurririk hartzen dute han horrelako umeen alde?

Gobernuak badu lurralde kutsatuetako umeak eskualde garbiagoetara eramateko programa. Baina diskriminazioa egiten dute. Elite bat aukeratzen dute udalekuetara joateko. Alkatearen seme-alabak, eskolako kirolaririk onenak eta halakoek baino ez dute parte hartzen.

Euskal Herrira urtero familia berberera etortzen dira?

Familiak esperientzia ona izan badu, eta programan parte hartzen jarraitu nahi badu, bai. 18 urte bete arte etorri ahal izango da haurra. Gutxi gorabehera, sei edo zazpi urterekin hasten dira etortzen.

Ume hauen inmunologia sistemak hemen jasotako mesedea, nahikoa izango da helduak direnean gorputzak behar beste defentsa izateko?

Ikerketa batzuen arabera, bost urtez harreran egon diren umeen sistema inmulogikoa normaldu egiten da. Salbuespenak egon daitezke, baina oro har bost urterekin nahikoa izan daiteke.

Zein dira ume hauetako bat etxean jaso nahi dituenak bete beharreko baldintzak?

Ez diogu ezkonduta egotea eskatzen, ezta seme-alabak izatea ere. Guk hauxe baino ez dugu eskatzen: jakitun izan daitezela honek zer-nolako lana eskatzen duen, eta esfortzu hori egiteko prest egon daitezela.

Eta umea hartzeko zein urrats egin behar dituzte?

Gurekin harremanetan jartzen direnean, informazioa emateko bilera bat egiten da. Elkartearen eta programaren berri ematen zaie; baita aseguruen eta gastuen ingurukoan ere. Ondoren, familia bakoitzarekin elkarrizketa bat izaten dugu, elkar ezagutzeko. Erabakia hartu aurretik hausnartzeko epe bat ematen zaie. Aurrera jarraitzea erabakitzen badute, heziketa fasea hasten da. Izan ere, familia prestatu egin behar da. Ondoren, familia osoarekin elkartzen gara, eta seme-alabekin ere lan egiten dugu. Azkenik, umea esleitu eta paper kontuak egiten dira.

Asko kostatzen da familiak lortzea?

Korapilatsua da. Oso proiektu ederra iruditzen zaigu, baina zailtasunak ere ikusten zaizkio: gastuak, hizkuntzaren arazoa, etxean eragingo dituen aldaketak...

Hemen daudenean zer jarraipen edo zaintza egiten diezue umeei?

Gure oinarrietako bat familiari babesa ematea da. Umeari hemengo ume bat jartzen diogu, nolabaiteko lagun moduan. Hemengo ume horrek aurretik proiektu honetan parte hartu behar izan du. Ume euskal herritarren familia, gainera, ume ukrainarra jasoko duen familiarentzat babes izango da. Horrez gain, Ukraniatik begiraleak etortzen dira, eta umea nola dagoen zaintzen dute une oro. Eta elkartetik ere hainbat ekintza antolatzen ditugu, familiak elkartzeko eta guk ere egonaldiaren baldintzak zein diren gertutik ezagutu ahal izateko.

Umea Ukrainara itzultzean harremana mantentzen da? Ukrainara bisitan joatea posible da?

Normalean telefonoz hitz egiten dute. Ukrainara joatea, gure ustez, aproposena litzateke. Harremanaren hirukia sortuko litzateke. Erpin batean umea legoke, bestean familia biologikoa eta hirugarrenean Euskal Herriko familia. Bi familiak ezagutzen ez direnean, lerro bat sortzen da. Muturretan bi familiak daude, eta erdian umea. Horrek arazoak sortzen dizkio: hango zer kontatuko diet hemengoei; hemengo zer hangoei? Familien arteko harremana ona bada, umeak ez du horrelako zamarik sentitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.