Datorren asteko estreinaldiak

Oroimenaren galera, barrutik

Florian Zeller antzerkigilearen lehen filma da 'The Father'. Alzheimerra duen adindu baten egunerokoa azaltzen du filmean, eta Anthony Hopkins antzezleak interpretatu du

Anthony Hopkins antzezleak interpretatu du alzheimerra duen gaixoaren pertsonaia, eta Oscar saria irabazteko faboritoen artean dago. THE FATHER.
Nagore Arin.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ia 80 urte dituen arren, bakarrik bizi da Anthony: gizon garratza da, bihurri samarra. Anne haren alaba da, eta azkenaldian orduak igaro ditu aitarentzat zaintzaile baten bila. Baina aita tematuta dago ez duela inor behar, eta bakarrik ongi moldatzen dela, alzheimerra izan arren. Premisa hori du abiapuntu Florian Zeller antzerkigilearen TheFhater film luzeak.

Londresen bizi dira biak, baina Anne Parisera joango da laster, eta, joan baino lehen, ondo lotuta utzi nahi du Anthonyren zaintza. Aitarentzat ez ezik, alabarentzat ere ez da batere erraza egoera: erabaki zaila da harentzat, bere bizitzarekin aurrera jarraitu edo aitari lagundu ebatzi behar baitu. Eta, gauza bat edo bestea erabaki, ez da lasai geldituko egoerarekin.

Modu horretan, Anthonyren gaixotasunaren bilakaera ikusi ahal izango da filmean: nola doan oroimena galduz, nola nahasten dituen kontuak eta ingurukoak, zer sentitzen duen, nola sentitzen den, zer pentsamendu dituzten haren gaixotasuna gertutik bizi duten horiek... Funtsean, zer den alzheimerra eta nola bizi duten gaixoek.

Lehen pertsona nagusi

Hain justu ere, gaixotasuna lehen lerroan agertze hori da filmaren ezaugarri esanguratsuenetariko bat: ikusleak Anthonyren bidez jasotzen du alzheimerrari buruz jorratzen dena, eta ez gaixoak inguruan dituen pertsonen bidez, beste kasu askotan bezala. Preseski, ezaugarri hori bera nabarmendu dute hainbat adituk: zuzendariak zorroztasun kirurgikoz azaltzen dituela gaixoaren garunean gero eta nabarmenago agertzen diren kalteak.

Eta sentimendu horiek guztiak gaixoaren begietatik adierazteko, oinarrizko baliabideak izan dira gidoia eta planoen eszenaratzea. Horrela, trikimailuz eta espero ez diren desbideratzeez bete dituzte sekuentziak, aitaren nahasmena, larritasuna eta desorientazio hori ikus-entzuleari lehen pertsonan sentiarazteko. Espazio fisikoa etengabe aldatzen da; denboran saltoak daude; aurpegiak nahastu eta nahastu egiten dira... Artifizio bizigarriak dira, eta zinemazale batzuek uste dute zuzendariak primeran landu dituela.

Erronka ausarta izan da hori Zellerrentzat; izan ere, bere lehen filma da The Father. Antzerkigile eta eleberrigile gisa da ezaguna: 2004an Interallie saria jaso zuen La fascination du pire lanagatik, eta 2011n Moliere saria La mère obragatik. The Father ere bere antzerki obra bat da, eta nortasun hori oinarri hartuta zuzendu du filma.

Jardun horretan, alboan izan ditu Anthony Hopkins eta Olivia Colman antzezleak. Hopkinsek interpretatu du alzheimerra duen gaixoaren pertsonaia, eta kritika positibo andana jaso du egindako interpretazioarengatik; lan horri esker bigarren Oscar saria lortuko duela esan duenik ere badago... The Silence of the Lambs lanari esker lortu zuen lehena, eta beste lau alditan izan da hautagai. Iaz, adibidez, The Two Popes filmean eginiko lanagatik izendatu zuten.

'THE FATHER'
Zuzendaria. Florian Zeller.
Aktoreak. Anthony Hopkins,Olivia Colman, Imogen Poots, Rufus Sewell, Olivia Williams, Mark Gatiss, Evie Wray [...].
Herrialdea. Erresuma Batua.
Urtea. 2020.
Iraupena. 98 minutu.
Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.