Ezarian. Zientzia

Oroitzapenak ezabatzea, droga mendekotasuna gainditzeko modu bat

Drogazale izandakoa berriro kontsumoan eror ez dadin, ikerketa bide berritzaile bat zabaldu dute Txinan

xabier martin
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Soilik jarrera aldaketan oinarritutako esku hartzea nahikoa izan daiteke droga kontsumoa behin betiko ezeztatzeko. Hala uste dute droga mendekotasunaren aurka ikerketa bide berri bat zabaldu duten Pekingo Unibertsitateko zientzialariek. Animalietan eta gizakietan egin dituzte esperimentuak, eta haien ondorioa oso itxaropentsua izan da drogaren mendekoek kontsumorako duten jarrera alda dezaten.

Oroitzapenak bakartzea (eta indargabetzea) planteatzen dute mendekotasunerako joera aldatzeko. Oroitzapena blokeatzeko botiken kontsumoa behar izan da orain arte; botiken bidez soilik lortu izan da memoria indargabetzea. Sciencie aldizkariak jaso duenez, Txinako esperimentuekestreinako aldiz lortu dute droga mendekotasunerako joera aldatzea ohiko botikak erabili gabe. Yan Xue-Xue doktorea eta haren taldeak «iraungitzearen estrategian» oinarritu dituzte euren esperimentuak. Drogazale izandako bat bere oroitzapenen gakoen aurrean ipintzen dute. Gako horietan dago drogaren mende dagoenak kontsumoaren eta plazeraren artean bere oroitzapenean eraikitzen dituen zubiak.

Ikusi, entzun eta usaindu

Batik bat, ikusmenak, entzumenak eta usaimenak bultzatzen dute drogazalea berriro kontsumora. Oroitzapenen gakoek antsietatea sortzen dute harengan, eta horrek bultzatzen du kontsumora atzera. Oroitzapenen aldaketan datza terapia berria. Oroitzapenak bestelakoak badira, drogarekiko jarrera, alegia, kontsumo joera alda daiteke.

Terapia berriaren oinarrian aspaldi honetan zabaldu den ideia dago: oroitzapenak alda daitezke; oroitzapen batera iritsiz gero, une labur batean aukera zabaltzen da gogoratzen den hori aldatzeko, oroitzapena berridazteko. Txinako ikerlariak heroinazale izandako 22 lagunekin aritu dira. Hamaika urte zeramatzaten denek droga kontsumitu gabe. Bi taldetan banatu zituzten; lehen taldeari kontsumoaren oroitzapenak esnatzeko irudiak erakutsi zizkieten. Oroitzapenaren leihoa ireki, eta hamar minutu geroago bideo eta argazki gehiago erakutsi zizkieten, oroitzapenak aldatzeko asmoz. Handik sei hilabetera ikusi zuten talde horretakoek antsietate gutxiago zutela beste taldekoekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.