Oroimenak gaituela gizon ala emazte egiten, pertsona lurtar eta gure aitzinakoen eta ondokoen zubi, eta horrek ematen digula ardura berezia eta batzuek kontzientzia deitzen dutela hori. Emozioa ere hazten duela: ez zen horri buruzko zalantza izpirik Miarritzeko Koliseon Mizel Theret-ek zuzendu ikuskizunean. Filipe Oihanburu, Jean Nesprias eta Koldo Zabalaren biziari buruzko laburbiltze agerraldiak dantza eta isiltasuna zuen ardatz. Bizi aberatsen adieraztea eta so egilea, berak duen arduraren aurrean jartzea, lortu zen. Hitz gutirekin, mugimendu astiro neurtuekin, espazio hutsa bete zen.
Gure garai honetan zarata entzungarri agertu nahi digutelarik, kontsumoak bete espazioa zorion bide, elasturi etengabea eta irudi uholdea komunikazio ezinbestezko, hiru kideen eta Mizelen aukera zinez gogoetagarria da. Komentuen eta otoitzaren isiltasunari, Terence Malicken filmeei edo Ekialdeetako meditazio eta espazio lantze moldeei pentsarazten da.
Artearen funtsa beti da zerbaiten pitzaraztea eta, gainera, hemen bezala, biziak iraganaren itxura hartzen duelarik, zerbait handiren aurrean gaudelarik. Atorra txuriak, bilo zuriekin batera, galtza ilunekin, aurpegi eta jestu hieratikoek oholtza gaineko karratu ala zirkulu ibilerak, noizbehinka herri musika alaiari dantza oihartzun neurtu eta mugatua emanez: modu minimalistak asko zuen kontatzeko. 36ko gerran haur errefuxiatuak hemengoari Hendaian Filiperi ziona «ni euskalduna naiz, zu bezala» edo dantzak burua berriro zutik Koldori jarri ziolarik frankismoak apalarazi ondoren, gaude Arteak gaituela salbatuko.
Maratila
'Oroitzen naiz'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu