Ezarian. Hegalak Zabalik zentroa

Ororentzat pentsatua

Ekainean irekiko dute Hegalak Zabalik zentroa. Diseinu unibertsala du; horregatik, mota guztietako pertsonentzat kirol gune aproposa da. BERRIAk proiektuan lagundu du.

Lurrean jarritako argitxo batzuen bidez ikusteko arazoak dituzten pertsonek igeri egin ahal izango dute Hegalak Zabalik zentroko igerilekuan. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ezaugarri bereziak ditu Hegalak Zabalik Fundazioak ekainean Donostian irekiko duen kirol instalazioak. Haren diseinu unibertsalak zentro paregabea egiten du bestelako funtzionaltasuna duten pertsonek kirola egin dezaten. Ez da, ordea, kirol egokitua soilik egiteko zentroa. Edonorjoan ahal izango da kirolaren alorreko punta-puntako teknologia eta baliabideak erabiltzera.

«Aniztasunetik herritarrei zerbitzua eskaini nahi diegu. Ez dugu egin nahi izan atzeko atetik laguntzaile baten bidez sartzeko kiroldegi bat. Diseinu unibertsaleko zentroa eraiki dugu, funtzionala, pertsona guztientzat. Filosofia hori duen horrelako beste zentrorik ez dago Europan osoan». Horrelaxe laburbildu du Mikel Izagirre Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko presidente eta Hegalak Zabalik Fundazioko kideak kirol instalazioaren funtsa.

Kirol zentroari azken ukituak ematea besterik ez zaio falta, eta ekainerako prest egotea espero dute. BERRIA egunkariak proiektuan lagundu du, eta atzo gauzatu zuten laguntza hori irudikatzen duen sinadura. Hegalak Zabalik Fundazioaren aldetik, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea izan zen —Donostiako Udala fundazioaren sustatzailea da, Gipuzkoako Aldundiarekin eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin batera—. BERRIAren partetik, berriz, Joanmari Larrarte Administrazio Kontseiluko idazkaria izan zen. «Kirola egitea ona da; mediku moduan diot. Askotan, mugikortasun edo bestelako arazoak dituztenek zailtasunak dituzte kirola egiteko. Gauza asko erraztuko dizkie zentroak. Horrelako ideiak bultzatu behar dira», azaldu du Izagirrek.

Diseinu unibertsala

Kokapena ere berezia du zentroak. Cervantes plazan dago, lur azpian. Instalazioen 3.000 metro koadroek Kontxako parkingaren lehen solairua hartzen dute. Hiru sarbide ditu: Cervantes plazako igogailu eta eskailerak, Kontxako hondartzara jaisteko malda eta aparkalekua bera.

Pertsona orok inongo arazorik gabe kirola egiteko diseinatu dute zentroa. Xehetasun guztietan pentsatu dute: bi noranzkotan aulki gurpildunak igarotzeko korridore zabalak, 80 zentimetroko altueran kokaturiko etengailuak, pisuak mugitu behar ez izateko aire konprimituarekin dabiltzan pisu makinak, bi altueratan jarritako barandak, itsu zakurrak sartzeko ahalmena, dutxa egokituak, interfonoak komunetan, ate lerragarriak, braillez idatzitako seinaleak... 6 milioi euro inguru kostatu da proiektua, eta kudeaketa enpresa pribatu batek eramango du.

Bi gune nagusi ditu zentroak. Batetik, osasun administrazioaren gunea dago. Mediku eta fisioterapia kontsultak daude han. Programa batzuk eskainiko dizkiete bestelako funtzionaltasuna duten pertsonei, eta programa horietan errehabilitazio tratamenduak egon daitezke, mediku edo fisioterapeuta kontsultekin.

Azken teknologiarekin hornitu dute zentroa. Horren adibide da zentzumenak garatzeko aretoa. Autismoa edo ulermen arazoak dituztenentzat da aretoa. Musikarekin, argiarekin eta urarekin jokatuz, pertsonen zentzumenak suspertzeko tratamenduak emango dituzte.

Horrez gain, hainbat kirol egiteko, askotariko erabilerako gelak daude. Kirola egiteko aukera emateaz gain, formazio ikastaroak ematea ere pentsatzen dute. Laborategi bat ere badago, esfortzu probak egiteko. Lau metro luzeko zinta prestatuko dute, gurpil aulkian probak egin ahal izateko.

Bestalde, kirol gunea dago. Hura ere bi zatitan banatzen da. Gune lehorrean, askotariko erabilerako gelak eta gimnasioa daude. Gimnasioko makinak zabalera handikoak dira, gurpil aulkiak sar daitezen. Gune hezean, igerilekua, spa eta saunak daude. Igerilekura aldapa baten bidez sar daitezke gurpil aulkiak. 25 metroko luzera du, eta lurrean ezarritako led argitxo baten bidez gidatu ahal izango dira ikusteko arazoak dituztenak. Goi mailako kirolariek ere erabil dezakete sistema hori erritmo jakin bati jarraitzeko.

Beste igerileku txikiago bat ere badago. Igerileku horretan, bozgorailuak jarri dituzte ur azpian, musikoterapia tratamenduak emateko. Gune hezean, garabi berezi batzuk ipiniko dituzte sabaian, arnes bidez mugikortasun urriko pertsonak igerikelura eramateko.

Iraunkortasunean eredu

Diseinu eta teknologia alorrak zaintzeaz gain, kontu handia izandute eraginkortasun energetikoari eta iraunkortasunari dagokionez ere. Geotermika deritzon energia biltzeko sistemari esker, lurrak darion energia hartu, energia aurreztu eta ingurumenaren aurkako kalteak saihestuko dira. Lur azpiko 12.300 metroko hodiek lurretik energia xurgatu eta zentroaren energiaren %70 baliatuko dute.

Horrez gain, manta termiko handi batzuei esker, igerilekuetako uraren beroa berrerabili ahal izango dute. Garabitxo batzuen bidez, igerilekuak ixtean manta termiko horiekin estaliko dituzte, beroa mantendu eta energia gehiago aurrezteko. Halaber, kloroa gatz bidez sortzeko makina bat izango du igerilekuak. Horrela, momentuan beharrezkoa dena sortuko du makinak, kloro metaketa arriskutsuak galaraziz.

Hegalak Zabalik fundazioak erreferente izan nahi du, eta eredua beste lekuetara zabalduko delakoan daude. Izan ere, sustatzaileek azaldu dutenez, kontua ez da instalazioak pertsona orok erabili ahal izateko egokitzea, denongan pentsatuz hasieratik horrela eraikitzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.