OSASUNA. Amaitu da

Bikote harreman bat bukatzea zaila izaten da, mingarria kasu askotan. Harremanari buruz hitz egitea eta lagunari entzutea garrantzitsua dira.

2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ez zegoen modu perfekturik bikotekidea izateko. Horrelako eredua saltzen saiatu izan badira ere. Ez zegoen modu perfekturik bikote sistema aberasteko. Horrelako eredua saltzen saiatu izan badira ere. Ez zegoen modu perfekturik bikote harremana amaitzeko. Horrelako eredua saltzen saiatu badira ere.

Zenbatetan entzun izan dut kontsultan eta kalean hori azkeneko aukera dela. Eta, egia esateko, gehienetan, ez da batere erraza izaten bikote sistema apurtzea. Ia berdin da nola gauden, pozarren beste batekin maitemindu garelako edo lur jota bikotekiderekin aspalditik ez gaudelako batere ondo. Hasieran, bikote sistema eraikitzen gabiltzanean, bakoitzak bere erritmoak izaten ditu -elkarrekin bizitzen jartzeko, lagunei eta familiakoei esateko...-, eta biak bat etorri arte ez da batere goxoa izaten denboraldi hori; gogoratzen al duzue? Banatzeko orduan ere gauza bera gertatzen da. Bi pertsona, bi gurari, bi erritmo, bi era gauzak egiteko. Beraz, nola ez da ba izango jasanezina eta gainera mingarria?

Badakit bikote bat eraikitzeko bi lagun behar direla eta banatzeko bat baino ez, baina animatuko zaituztet, batez ere tartean umeak badaude edota komuneko proiektu, lagun eta familia badituzue, ahal den neurrian banaketa prozesua bien artean egitera. Seguru nago eraiki duzuena handia dela eta ez duela merezi dena suntsitzea, zuok biok ez bazarete jada elkar konpontzen.

Umeei dagokienez, are eta inportanteagoa da. Umeak ez dira memeloak. Txikiak dira, eta ez dakite nolako logikan sartzen zareten, baina badute zuen beste emozio eta minen berri. Sentitu izan dute haserrea, tristezia, mingostasuna, amorrua... familiako kide dira banatu aurretik, nagusiok tapatu egin nahi izaten ditugun arren.

Hitz egin eta entzun

Banatzeari buruzko erabakiak ez dira hartzen egun batetik bestera; azken erabakia hartu baino lehen, denbora dezente pasatzen da gehienetan. Bikotekide bakoitzak erabaki hori bera aukera edo beldur moduan eduki du pentsamenduan. Bikotekide batzuek behin eta berriro egin dute berba egoeraren inguruan, eta argi ikusten dute irtenbidea, gauzatzea zaila bada ere. Bikote batzuetan, ordea, egonezina nabarmena izan arren, biek espero dute erabakia besteak hartzea edo denborak berea egitea. Gehienetan, bikoteko kide batek hartu behar izaten du erabakia, biek sentitzen badute ere harremanak ez duela aspaldian funtzionatzen.

Kasua edozein izanik ere, garrantzitsua da norbere buruari denbora ematea, baita harremanari eta lagunari ere, eta, ahal den neurrian, bikotekidearekin sakon hitz egitea. Nola heldu gara honetara? Biok egin dugu bidea eta. Bitartekaritza lana sarri ezinbestekoa da.Uste dut bikotekide gehienek hitz egin behar dutela, baina lagunari buruz bainoago norberari buruz. Eta batez ere elkarri entzun behar diotela, ihes egin edo gertatu dena ahaztea bada ere nahi duguna.

Seguruenik kaka nahikoa bota diogu jada elkarri; beraz, nola eman aukera geure buruari eta bikotekideari mingostasunik gabe barrenak askatzeko? Posible da. Hain da zaila, sabelean eta bularrean min fisikoa sentitzen dugu. Ez da harritzekoa. Maitasuna eta mina jasotzeko zein emateko gaitasun izugarria daukagu. Hori jakinda, hobeto kudeatu beharko genuke indar hori guztia. Azken finean, guztiok ez baikara hain onak, ezta hain txarrak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.