Osasuna. Aro berriak. Psikologia

2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Sarritan adierazi dugunez, ikuspegi psikologiko batetik ikusita pertsonok hiru egitura ditugu. Egunekin gure inguruan sortzen diren berrien eta bizipenen arabera, pertsonok erreakzionatu egiten dugu aipatutako hiru sail hauetan: bai kognitiboki —pentsamendu mailan—, bai emozionalki, eta bai gure ekintza eta egiteen bitartez. Zer esan nahi du horrek? Imajina dezagun medikuarengana goazela analisi baten emaitzak jasotzera. Kontsultara joan baino lehen gure kognizioak (pentsamendua) martxan jarriko dira: «Dena ondo emango al zuen?», edo «seguru kolesterola jaisteko aginduko dit nire aitari nire adinean gertatu zitzaion moduan», edo «minbizia edukiko dut?». Horrelako pentsamendu asko automatikoki agertuko zaizkigu, eta geure buruan errepikatuko dira, zenbat eta beldur gehiago izan ozenago eta indartsuago gainera.

Baina horrekin batera edo aurretik ere bai gure emozioak piztuko dira: bihotzaren taupadak bizkortu daitezke, edo gure urdaila tximeletaz beteta senti dezakegu, gure gosea guztiz gal dezakegu... erreakzio horiek emozioak dira, eta norberarenak edo indibidualak ere, eta sarritan egoera sortu baino lehen eta gure pentsamenduetaz konturatu baino lehen gure gorputzean bizi-bizirik daude.

Oraindik ez gara medikuarengana heldu, eta hamaika pentsamendu eta emozio martxan dauzkagu. Eta ekintza mailan? Kanpotik ikusita, gure ekintzak ohikoak izango dira batzuentzat; alderantziz beste pertsona batzuk, hizkera arinagoan, hitz-jarioan murgilduko dira. Batzuk, alderantziz, inoiz baino mutuago egongo dira, eta beren baitan bilduta, isolatuta. Beste batzuek ordua atzeratu eta aldatuko dute beldurraren poderioz, edo bakarrik behartuta egingo lituzkete analisi horiek. Hainbat jokaera desberdin!

Pertsona bakoitzak erreakzionatzeko modu errepikaezina du aipatu ditugun hiru arloetan (kognizioa, emozioak eta jokaerak). Eta gure pentsamendu, emozioen eta ekintzen arteko lotura ez da sinplea, ezta norabide bakarrekoa ere. Horrez gain, gutariko bakoitzak neurri desberdinean ezagutzen ditugu gure barneko sail horiek. Gure buruaren ezagutza eta indarra sarritan gure pentsamendu, emozio eta jokaeren kontzientzian datza: zenbat eta hobeto ezagutu, onartu eta ulertu, hobeto konponduko gara geure buruarekin eta besteekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.