OSASUNA. Dutxa egunero, mesede ala kalte?

2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Goizean erabat esnatzeko, edo eguneko azken orduan, justu alderantzizko eragina lortzeko, edo besterik gabe, dutxatzea hain sartua dago gure eguneroko errutinan, inor gutxik jartzen du zalantzan. Gehien errepikatzen den irudia dutxa labur bat da, 5-10 minutukoa, esponja eta gela erabiliz, garai bateko xaboi edo xanpuaren gainetik. Higienea, txukuntasuna, garbitasuna eta erosotasuna dira eguneroko dutxara garamatzaten arrazoi nagusiak.

Baina hori onartuta ere, non dago dutxa horrek egiten digun mesedearen eta gure azalari ekar diezaiokeen kaltearen arteko muga? Larruazala da giza gorputzaren organorik zabalena, baita kanpoko erasotzaileen aurka babesten gaituen lehenengo defentsa ere. Baina azalaren kanpoaldean urez, koipez eta dermisean urari eusten laguntzen duten beste osagai batzuez eratua dagoen geruza lipidikoa hondatuz gero, larruazalak ezingo lioke kanpoko germenen ugalketari aurre egin, eta horrek hainbat kalte eragingo lituzke -dermatitis atopikoa, infekzioak, alergiak-.

Dermatologoek diotenez, gure azala egunero dutxa bat onartzeko prest dago. Baina egunean behin baino gehiagotan dutxatuz gero, eta bigarren eta hirugarren txandetan soilik urarekin aritu ordez xaboiak erabiltzen baditugu, gehiegizko higiene horrek mesede baino kalte gehiago egingo digu.

Xaboiak ere pH egokia dutenak aukeratu behar dira. Larruazalaren babesa bermatzen duen ur eta koipezko geruzaren azidotasuna bere horretan mantentzeko, egunero erabili beharreko xaboiak larruazalaren pH-aren antzekoa izatea gomendatzen da, 5,5 ingurukoa, eta sekula ez 6,5etik gorakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.