Elikagaiak dira pertsonen energia iturri. Guztiok, ordea, ez ditugu behar energetiko berak, eta daramagun eguneroko jardunak baldintzatuko du, hein batean, beharrezko kopuru hori.
Nola lortzen da energia
Gizakiok ezin dugu energia zuzenean lortu, hori dela eta, energia jatekoaren bidez lortzen dugu. Gorputzeko zelulek, metabolismoa deitzen den prozesuaren bidez, kanpo ingurutik lortzen den materia, hau da, elikagaiak, energia bihurtzen dute.
Gure gorputzak, elikagaiak dituzten sustantzietatik, proteinak, gantzak, karbohidratoak, bitaminak eta mineralak erabili ahal ditu soilik. Sustantzia horiei, nutriente deitzen zaie. Nutriente horietatik, energia ematen duten bakarrak, karbohidratoak, proteinak eta gantzak dira, eta nutriente energetiko izena dute.
Elikagaien balio energetikoa
Energia neurtzeko erabiltzen den unitatea, kilokaloria da (kcal). Kilokaloria bat 1.000 kaloria dira; askotan, elikagaien energiari buruz hitz egiteko, kaloriak hitza erabiltzen da, baina zuzenena da kilokaloriei buruz hitz egitea.
Nutriente energetikoek ematen dituzten kilokaloriak hauek dira:
- Karbohidratoek 4 kcal gramo bakoitzeko.
- Proteinek 4 kcal gramo bakoitzeko.
- Gantzek 9 kcal gramo bakoitzeko.
Energiaren erabilera
Giza gorputzean elikadura bidez lortutako energiak erabilera asko izaten ditu:
Energiaren zatirik handiena gure gorputzaren barne-funtzionamendurako da, hala nola elikagaiak garraiatzeko gorputzaren zelula guztietara. Baina beste funtzio batzuk egiteko ere behar da energia; gorputzaren tenperaturari eusteko, bulkada elektriko gisa, nerbio sistemaren bidez mezuak transmititzeko, lan muskularrerako eta, energia gehiegi kontsumitzen dugunean, erreserbarako.
Behar energetikoak
Pertsona batek bizitza normal batean bere jarduerari eusteko behar duen energia-kopurua da, eta hiru faktorek zehaztuko dute:
- Metabolismo basala.
- Jarduera fisikoa.
- Elikadura eraginetako termogenesia.
Metabolismo basala
Pertsona batek bizitzan funtsezkoak diren funtzioetarako behar duen energia kopurua da; hau da, bihotzaren lana mantentzeko, gure birikek airea hartzeko, giltzurrunak hondakinak kanporatzeko, digestio aparatuaren lana egiteko eta abarrerako.
Kontsumitzen dugun energia gehiena, metabolismo basala egiteko erabiltzen da; esate baterako, erabiltzen dugun energiaren hiru laurden metabolismo basala egiteko izango dira. Baina pertsona batetik bestera aldatu egiten dira behar energetiko horiek, zenbait faktorek eragiten baitute, hala nola sexuak, adinak eta gorputzaren osaketak.
Termogenesia
Gorputzaren tenperatura konstante edukitzeko erabiltzen den energia da. Horretarako erabiltzen den energia kopurua ez da oso handia izaten, %10 esaterako.
Jarduera fisikoa
Pertsona batek eguneroko aktibitatea egiteko behar duen energia kopurua da. Alde handia dago pertsona batetik bestera eta kontsumitzen den energia kopuruaren araberakoa izaten da kopurua.
Beraz, behar energetiko totala da pertsona batek bere bizi funtzioetarako, bere jarduera fisikorako eta gorputzeko tenperaturari eusteko behar duen energia kopurua.
Balantza energetikoa
Bakoitzaren gastu energetikoa jakinda, arautu egin behar dira zeintzuk diren dietaren bidez hartu beharreko kilokaloriak. Pertsona baten gastu energetiko totala 2.000 kilokaloriakoa bada, dieta 2.000 kilokaloriakoa izan beharra da. Horrela, balantza energetikoa orekatua izango da.
OSASUNA. ELIKADURA. Bizitzaren energia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu