Gauza asko gertatzen dira gure gorputzean lotan gauden bitartean: gorputzak eta adimenak atseden hartzeaz gain, bizitzeko ezinbestekoak diren hormonak eta proteinak sortzen ditugu. Eta, jakina, gutxi edo gaizki lo egiteak gorputzeko hainbat mekanismo eta prozesu aldrebesten ditu. Harvard-eko Unibertsitatean egindako ikerketa batek frogatzen duen bezala,lo faltak gehitu egiten ditu 2. motako diabetesaren, gaixotasun kardiobaskularren, bularreko eta koloneko minbiziaren eta obesitatearen eta depresioaren arriskua.
Garai batean lotako orduak gutxitu eta inolako kalterik gabe aurrera egiteko modua izango genukeela uste bazen ere, gaur egun zientzia justu kontrakoa frogatzen ari da. Ikerketa berrien konklusiorik argiena zera da: ez badugu behar adina lo egiten, edo oso berandu arte esna egoten bagara, gure barne-erlojua asaldatu egiten dela... eta, horrekin batera, baita erloju horrek erregulatzen dituen funtzio guztiak ere -funtzio fisiologiko ia guztiak, esaterako-. Eta horrek ezer esan nahi du? Adituen ustez, horrek ezin hobeto frogatzen du lo falta egoera anormala dela gure gorputzarentzat, eta ez dagoela gure biologian ezohiko egoera horretara egokitzen eta moldatzen lagun diezagukeen ezer.
Zazpi ordu egunean(gutxienez)
Eta zenbat ordu eman behar ditugu lotan, lo faltarik ez gertatzeko? Ordu kopurua aldatu egiten da, pertsona batetik bestera, baina gehienok zazpi eta bederatzi ordu bitartean behar ditugu. Izan ere, argi ikusi da bihotzeko atake bat izateko arriskua nabarmen gehitzen dela egunean sei-zazpi ordutik behera lo eginez gero. Gauza jakina zen arazoak izateko arriskua gehitzen zutela loaldiko apnea edo narkolepsia trastornoek, baina lo faltak gure osasuna arriskuan jartzen duela frogatu dute azken ikerketek, baita pertsona osasuntsuetan ere. Luzea da ikerketen zerrenda frogatzen dutena gutxien lo egiten dutenek -loaldiko trastornoak dituzten edo ez alde batera utzita- gainerakoek baino edozein arrazoik eragindako heriotza-arrisku gehiago dutela.
Lo faltak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriak zeintzuk izan daitezkeen ulertzen hasi besterik egin ez dugun arren, frogatua dago lo-eskasiak «alerta» egoeran jartzen gaituela, eta horrek estresaren hormonen -adibidez kortisolaren- produkzioa bultzatu eta bihotzeko atakeak eta iktusak izateko arrisku-faktore garrantzitsua den presio arteriala igoarazten duela. Baina, horrez gain, bihotzeko atakeak, iktusa, minbizia eta 2. motako diabetesa izateko arrisku-faktorea den «gradu baxuko inflamazio kronikoa» adierazten duten substantzien maila altuarekin lotzen da lo falta, gaur egungo ikerketen argitan.
Eta nola eragiten du isilpeko inflamazio kroniko horrek? Arterien barrualdea hondatzen du, eta horrek arrisku kardiobaskularra gehitzen du, noski; intsulinarekiko erresistentzia erraztuz, diabeteserako bidea irekitzen du, eta, erantzun immunologikoa gutxitzen duenez, minbiziaren eta are gaixotasun birikoen agerpena eta garapena bultzatzen ditu. Datu argigarri bat: behar adina lo egiten ez duten pertsonek birusek eragindako infekzio bat harrapatzeko %550 arrisku gehiago daukate, beren loaldia ondo eta neurrian egiten dutenek baino. Zenbait ikerketak adierazten dutenez, loaldiko patroi egokiak berreskuratzeak odoleko azukre-mailak murrizten ere lagun dezake. Eta gauza bera esan daiteke hipertentsioaz ere: loaldiko trastornoak tratatzeak hipertentsioaren kontrako botiken premia gutxitu edo erabat ezaba dezake.
Gaueko txandak
Loaz hitz egitean, nahitaezkoa da melatoninaz aritzea, aspaldi honetan apenas entzuten den arren. Zer da melatonina? Iluntasun-egoera batean -eta gauez normalean, iluntasuna izan ohi da nagusi-, gorputzak jariatzen duen hormona bat da, hainbat funtzio eta prozesu fisiologikotan parte hartzen duena. Bada, ikusi da gauez lan egiten duen jendeak koloneko eta bularreko minbizia izateko arrisku handiagoa duela, eta, horren esplikazio bezala, aipatu da gauez argitan egoteak gorputzeko melatonina mailak gutxitzen dituela. Adituek uste dute melatoninak minbizitik babesten gaituela, sistema immunologikoan jarduten duten beste hormona eta proteina batzuen odoleko mailetan eragina duelako melatoninak. Harvard-eko unibertsitateko ikerketek hori berresten dute: gaueko orduetan argiaren esposizioa jasaten duenak -berandu oheratu edo sarritan jaikitzen delako-, melatonina gutxiago jariatu eta luzarora minbizia izateko arrisku handiagoa izango du.
Apetitu handiagoa
Lo faltaren eta obesitate-arriskuaren arteko lotura ere ondotxo frogatu dute zientzialariek. Herrialde desberdinetan egindako 700 azterketa bildu eta konparatu ondoren, gutxi lo egiten duten haur eta pertsona helduek obesitate-arrisku gehiago dutela ikusi da, batetik, eta obesoek bere pisuan daudenek baino gutxiago eta okerrago lo egiten dutela, bestetik. Aurreko ikerketek erakutsia zuten lo faltak asetasuna erregulatzen duten hormonen (ghrelinaren eta leptinaren) odoleko mailak asaldatzen dituela, eta horrek apetitua handitzea -azukre finduekiko irrika nabarmenarekin- eta obesitatea izateko arrisku handiagoa dakartza. Azken ikerketak beste pauso bat aurrerago egin du, eta itxuraz melatonina-mailen kontrolean zerikusia duen mutazio genetiko bat 2. motako diabetesa jasateko arrisku handiagoarekin lotuta egongo litzateke. Horrek zera esan nahiko luke, odoleko azukre-mailak neurrian izateko ezintasunak 24 orduko erritmo zirkadiano anormalekin zerikusia eduki dezakeela.
Gaurko adibide horiekin ikus daitekeen bezala, loaldiaren inguruko misterioak ez daude oraindik erabat argituta, baina oker handirik egiteko beldurrik gabe, gauza bat esan dezakegu: lo faltara garamatzaten arazoei aurre hartzen badiegu edo arazo horiek desagerrarazten baditugu gure osasunak biziki eskertuko digula.
OSASUNA. Gaizki lo egitearen arriskuak
Ordu kopuru jakin bat lo egiteko programatuak daude gizakiak. Horregatik, naturaren plan hori aldatzeak ondorio larriak ekar ditzake gorputzarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu