Betiko gripeaz gain, aurten A gripearen kasuak hartu beharko ditugu gogoan, urte-sasoi honetan ohikoak diren katarro eta gainerako infekzio birikoez gain. Gaitz horiek guztiak borrokatzeko alferrik dira antibiotikoak, eta egin dezakegun gauza bakarra sintomak murriztu eta arintzea da. Atseden hartzea, likido ugari edatea eta eztularen, sukarraren eta minaren kontrako botika jakin batzuk hartzea dira benetan funtzionatzen duten gomendioak. Farmazian aurkituko dituzun botika horiek errezetarik gabe lor ditzakezu, baina medikuaren agindurik behar ez bada ere, beti zentzu komunez, zuhurtzia pixka batekin hartu beharrekoak dira.
Sudurra tapatua
Birusak sudur-hobietan sartzen direnean, odol-hodiak zabaldu egiten dira, eta horrek sudurra tapatua, buxatua, edukitzearen sentsazio desatsegina sorrarazten du.
- Deskongestionatzekoa:Farmako basokonstriktoreak dira, hau da, odol-hodien dilatazioa gutxitzen duten botikak. Horrela, sudurra libratu edo destapatu egiten da. Sudurrean pulberizazioak egiteko moduan saltzen dira.
Arreta-neurriak. Ez dira hiru egun baino gehiago erabili behar jarraian, luzatuz gero, kontrako efektua izan baitezakete: molestiak areagotu eta botikarekiko mendekotasuna sortu.
Eztula
Arnasbideetako narritaduraren ondorioz agertzen da. Nekosoa eta desatsegina gertatu arren, badu sarritan bere eginkizuna: bronkioetako gehiegizko jariakinak kanporatzen laguntzen du.
-Eztul baregarriak:Eztul lehorrak eztarria urratzen du, eta oso nekagarria da, gauez batez ere. Kasu horietan, eztula baretzeko zerbait hartzea gomendatzen da, eztula lasaitzeaz gain, lokartzen ere lagunduko digulako.
Arreta-neurriak: Kodeina duten jarabeek mendekotasuna sorraraz dezakete. Horregatik, hobe izaten da destrometorfanoa bezalako beste osagai batzuk dituzten jarabeak aukeratzea.
-Espektoratzaileak: Eztulaz gain mukia ere sortzen denean, eragin espektoratzailea -alegia barruko zikina, karkaxak, kanporatzea- duen erremedioren bat hartzea gomendatzen da, bronkioek sortzen duten mukositatea biguntzeko eta errazago kanporatzeko. Likido ugari edatea ere komeni da, eragin hori gehitzeko.
Arreta-neurriak: Sentikorrak diren pertsonetan, botika horiek urduritasuna eragin dezakete.
Sukarra eta mina
Birusek eragindako prozesu gehienak sukar altu samarrarekin (38 &fraq14;C-tik gora) eta gorputz osoko -hezurretako, buruko, begi aldeko, eztarriko eta abarreko- minarekin agertzen dira. Molestia horiei aurre egiteko, analgesikoak eta antiinflamatorioak dira botikarik egokienak.
-Aspirina: Ehun urtetik gora dituen botika horrek mina arindu, eta sukar moderatua jaisten laguntzen du. Horrez gain, hantura edo inflamazioaren kontrako eragina ere badu.
Arreta-neurriak: Pertsona sentiberetan, edo neurriz kanpo hartuz gero, urdail-hesteetako arazoak, ultzerak eta odoljarioak sor ditzake. Umeek eta nerabeek ez lukete aspirinarik hartu behar.
-Ibuprofenoa: Analgesikoa-mina kentzen du-, antipiretikoa -sukarra jaisten du- eta antiinflamatorioa da, eta bere eraginak aspirinaren antzekoak dira. Horregatik, aspirina erabiliko genukeen kasu berberetan erabili behar da.
Arreta-neurriak: Aspirinak bezalatsu, goragaleak, urdaileko mina eta ultzerak sor ditzake, baina ez, ordea, koagulazio-arazorik odolean.
-Parazetamola: Hantura edo inflamazioaren kontra aspirinak eta ibuprofenoak baino askoz ere eraginkortasun txikiagoa izatea da aurreko botikekin duen alde bakarra.
Arreta-neurriak: Urdailean apenas duen albo-ondoriorik, baina gibelari egin diezaioke kalte, batez ere denbora luzeegian edo kantitate handiegian hartuz gero.
A gripearen aurka zer?
Txertaketaz gain, Tamiflu®, pastilletan, eta Relenza®, aerosol moduan, dira A gripearen birusaren kontra eraginkorrak frogatu diren antibiral bakarrak.
-Zertarako balio dute: Botika horiek ez dute A gripea sendatzen, baina prozesuaren iraupena laburtzen dute, eta sintomak ere murrizten dituzte, konplikazio posibleak saihestuz.
-Zeintzuk hartu beharko lituzkete: A gripea, urtarokoa bezalaxe, bere kasa sendatzen den gaitza da. Botika antibiralak, beraz, gaixo kronikoetan, haurdun dauden emakumeetan edo arriskuko bestelako pazienteetan bakarrik gomendatzen dira, A gripeak gaixo horien molestiak okerragotu eta larriagotu ditzakeelako.
-Nola eskuratu botika horiek: Antibiralak ezin dira libre erosi. Errezeta medikoarekin soilik ematen dituzte farmazian, eta beti medikuak agindu bezala. Behar bezala hartzen ez badira, erresistentziak sor daitezke, eta botikak eraginkortasuna galduko luke.
Etxeko erremedioak
Aipatutako botikez gain, badira oinarrizko gomendio batzuk ere, erraz betetzeko modukoak, gripearen sintomak arintzen lagunduko digutenak.
-Atsedena: Sukarrak nekea eragiten du. Beraz, onena etxean geratzea da, ahalik eta gehien deskantsatzeko.
-Likidoa: Komeni da likido ugari edatea -ura, fruta-zukuak, salda eta zopa arinak-, likidoak mukia kanporatzen lagundu eta deshidratazioa saihesten baitu.
-Tabakoa eta alkohola: Erretzeak edo alkohola edateak sintomak areagotu, eta infekzioaren iraupena luzatzen du.
-Farmazia naturala: Gatzarekin egindako gargarek, adibidez, eztarriko mina arinduko dute, urki-infusioak sukarra jaitsiko du eta jengibrearenak, berriz, hezurretako mina baretuko du.
OSASUNA. Gripearen kontrako botika ontzia, prest
Dela urte sasoikoa, dela A motakoa, gripea bere kasa sendatzen den gaitza da, botikarik hartu beharrik gabe. Hala ere, badira sintomak arintzen eta gure egoera orokorra hobetzen lagun diezaguketen medikamentuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu