Buruko mina
Oso ohikoa da, edozein adinetan eta sexutan (biztanleen hirutik batek nahiko maiz izan ohi ditu buruko minak). Eta oso ugariak dira min hori eragin dezaketen arrazoiak: estresa, hilekoarekin edo menopausiarekin batera gertatzen diren hormona nahasmenduak, eta abar. Kasu oso bakanetan soilik adierazten du zerbait larria; baina, hala ere, oro har, buruko minaren eboluzioa behatu eta kontrolatzea komeni da.
Noiz jo medikuarengana?
Buruko mina bat-batean agertzen bada, oso fuertea bada eta pertsona bakoitzarentzat ohikoak ez diren ezaugarriekin. Kontuan hartu garuneko istripu larri baten (iktus baten) aurreneko sintomak izan daitezkeela.
Garondoko zurruntasuna, sukarra eta antzeko sintomekin batera agertzen bada, infekzioren bat adieraz dezake-eta.
Pisu galera
Urtetan aurrera goazen heinean, gure gorputza aldatuz doa, eta litekeena da pisuan ere aldaketak gertatzea. Baina aldaketa hori bat-batean edo ez oso modu normalean gertatzen bada, dieta berezirik gabe edo ariketa fisikoa dela tarteko, esate baterako, beste sintomaren bati lotua egon ote daitekeen zaintzea komeni da.
Noiz jo medikuarengana?
Urtebetean zure pisu normalaren % 10 edo gehiago galduz gero, baina, noski, kalorien kopurua gutxitu gabe edo ariketa fisikoa gehitu gabe. Oso litekeena da gaixotasunen baten sintoma izatea.
Pisu galera jateko gogorik ezarekin batera azaltzen bada: kontuz, anemia bat izan daiteke, edo giltzurruneko gutxiegitasuna, edo infekzio kronikoren bat.
Ez dago apetitu faltarik, edo are apetitua lehen baino handiagoa da, baina, hala ere, pisua galdu egiten da. I motako diabetesa izan daiteke (kasu horietan egarria ere gehitzen da, eta normalean baino pixa gehiago egiten da), edo hipertiroidismoa.
Urdaileko azidotasuna
Sintoma arrunta da hau ere (hirutik batek jasaten du). Bularraldearen beheko partean bihotzerre moduko sentipen moduan agertzen da, janariak digeritzeko jariatzen diren azidoak gehiegizkoak direnean, edo urdailetik hestegorrira pasatzen direnean.
Noiz jo medikuarengana?
Bihotzerreaz gain, gorakoak edo janariak irensteko zailtasunak agertzen badira, komeni da medikuarengana lehenbailehen joatea, hestegorriko kalteak garrantzitsuak izan daitezkeelako.
Bihotzerrea sarritan agertu edo denbora luzean mantenduz gero, sintoma horrekin batera pisu galera azaltzen denean. Kontuz ibili, arazo digestiboren bat egon daiteke-eta horren azpian.
Bertigoa
Gaitz hori jasaten duenak gauzak bere inguruan bueltaka ari balira bezala sentitzen du, edo alderantziz, beraiek dira gauzen inguruan biraka dabiltzanak. Gehienetan ez du aparteko larritasunik, baina gure bizi-kalitatea okerrera badarama (eta, zoritxarrez, hori askotan gertatzen da), sintoma baloratzea komeni da.
Noiz jo medikuarengana?
Noizean behingo kontua izan ordez, sarritan errepikatzen bada, txandatik txandara nekagarriagoa bihurtuz, litekeena da horren sorburuan belarriko asalduraren bat, hipertentsioa, arteriosklerosia, edo beste zerbait egotea.
Garuneko nahasmendu bat izateko posibilitatea ere hartu beharko litzateke kontuan, batez ere bertigoak kolpe baten ondotik, edo istripuren bat izan ondoren agertzen badira.
Gongoilak agertzea
Guztiok ditugu gongoilak gure gorputzean, eta horraino ez dago inolako arazorik. Kontua da, batzuetan, gongoil horiek handitu egiten direla, ukitzeko eta zenbait kasutan baita ikusteko modukoak izateraino: lepoan, iztaietan, galtzarbe edo besapeetan... gure gorputza infekzioren baten aurka borrokan ari den seinale.
Noiz jo medikuarengana?
Hantura antzeman eta handik egun batzuetara bere kasa desagertu ez bada, edo gongoilak ukitzerakoan gogorrak eta mingarriak badira, edo sukarra, arrazoirik gabeko nekea, pisu galera eta antzeko sintomekin batera azaltzen badira, gaitz larriagoren bat adieraz dezakete (globulu zurien gehiegikeriak eragindako tumore bat, esaterako).
Ezinbesteko osasun azterketak
Gaurko gaia sintoma nabarmenak ziren arren, badira inolako sintomarik gabe azaltzen diren gaitzak, eta, beraz, horiek antzemateko osasun azterketaegokia egitea beste erremediorik ez dago.Odol presioa kontrolatzea. Neurri egokia da, hipertentsioak bihotzaren eta odol hodien kalteak baitakartza berandu baino lehen.
Gernu analisia. Infekzioen edota diabetesaren berri ematen du, eta, gainera, gure giltzurrunak zer-nola dabiltzan ere esango digu.
Odol analisia. Anemiarik ba ote dagoen jakiteko, edo kolesterol txarraren eta triglizeridoen mailak jakiteko, gibeleko edo giltzurrunetako asalduren berri izateko.
Azterketa ginekologikoak eta urologikoak. Emakumeei hilero bularren autoazterketa egitea eta urtero ginekologoarengana joatea gomendatzen zaie. Gizonezkoen kasuan, berriz, hilero bakoitzak bere barrabilak aztertzea (ez legoke gaizki hori egiten denok ikasiko bagenu), eta, 50 urtetik aurrera, prostataren egoera zer-nolakoa den adierazten duen PSA antigeno espezifikoa neurtzea.
Galdera
Siestaren iraupena
Gure lehenengo zalantza ez da zenbat iraun behar duen, baizik eta ea siesta egiteak gorputzari mesede baino kalte gehiago ekarriko ote dion argitzea. Eta horretan ere adituek argi eta garbi utzi dute: produktibitatean behera eragin ordez, siesta egoki batek laneko errendimendua gehitu egiten du; antsietatea eta estresa gutxitu, eta gure adimena desblokeatzea lortzen du, lo-kuluxka hori gozatzen duenaren ongizatea areagotuz.Ondotxo ikasi dute hori, gure ustez, alferren ohituratzat hartzen zuten herrialde serioek ere. Duela urte batzuk Alemanian egindako ikerketa batek erakutsi zuen bezala, askoz ere handiagoa da bazkal ostean lo kuluxka bat egiten duten alemanen proportzioa (%25ekoa), ohitura horri eusten dioten herrialde mediterranearretako biztanleena baino (% 9koa besterik ez zen Italian eta Espainian, adibidez).
Siestaren mesedeak, hala ere, dosiak baldintzatzen ditu, nolabait esateko. Atsedena osasungarria eta eraginkorra izan dadin, siesta garaian lotan emandako denbora ez dadila 30 minututik gorakoa izan gomendatzen dute adituek. Muga horretatik gora, eragina nahi genukeenaren kontrakoa izango bailitzateke, eta ondorioak kaltegarriak gerta daitezke.