Hasiera batean, eta lehenengo begiradan, langabeziaren ondorioak ekonomikoak dira. Horren ondorioz, pertsonalki eta familian egin behar diren moldaketak, kontuak eta aurreikuspenak garrantzitsuak dira, eta haiek sortzen dituzten frustrazioak, beldurrak eta minak gure sentipenen erantzunnaturala dira. Bigarren begiradan, ordea, beste ondorio batzuk agertzen dira. Psikologikoki lana galtzeak, nahiz eta arazo ekonomikorik ez ekarri, badakar galera handi bat: geure burua ikusteko betebehar soziala eta, beraz, gure gizarteko nortasunaren parte bat. Horrek ez du soilik estatusa esan nahi, baina geure burua igeltsero, mediku edota kazetari moduan azaltzean, nortasunaren parte hori galtzen da denboraldi batean. Gizonezkoentzat galera gogorragoa izaten da hori.
Langabeziak beste ondorio garrantzitsu batzuk ditu: denboraren egitura aldatu egiten da (lana-aisia) eta sarritan horrek desorekak sortu ahal ditu: lo egiteko arazoak, pasibotasuna... Horrez gain, lanean gaudenean gure familiako mugatik irten eta beste pertsona batzuekin harremanetan jartzen gara, eta horrek aberastu eta errealitate zabalago baten jartzen gaitu oro har. Lanak, beraz, ondorio positibo batzuk baditu, eta normalean kontuan ez ditugun aldagai horiek lana galdutakoan modu argiagoan azaleratzen zaizkigu.
Dena den, langabeziaren ondorioak diferenteak dira sexuaren arabera eta, batez ere, adinaren arabera. Gazteen artean independentzia atzeratu egiten da, baina belaunaldi gazteetan ohitura handiagoa dago kontratua bukatzeko, lana aldatzeko... Gure artean aurreko belaunaldietan bizitza guztirako lana eta enpresa eredua egon dira. Eredu hori ez dago jada, eta munduak dakarren aldaketa teknologikoak, soziologikoak eta lan merkatuarenak beldur eta inpotentzia handiagoa ekartzen dute. Azken urteetan laguntza psikologikoa sortu da, bai udaletan, baita lana bilatzeko errekurtso publikoetan ere; lan bilatze eta egokitze prozesu hauetan ikuspegi psikologikoa zaindu nahi da. Kontsultatu zure udaletxean bertan eta inguruan, eta zaindu.
OSASUNA. Nire bikotekidea langabezian geratu zen iaz, 51 urterekin. Ordutik beherakada itzela izan du: apurka-apurka tristatu, eta sarritan lotsatu egiten da. Zer egin dezaket?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu