Hainbatetan entzunak: «Mikel eta Pili, koadrilakoak, banatu? Hain jatorrak ikusi izan ditugu, beti bata besteari laguntzeko prest, hiru ume zoragarri, itxuraz bizitza sanoa elkarrekin... Egun batetik bestera banatu direla diote. Zelan da posible?». Eredugarritzat hartutako lagun bikotea banatzen.
«Maitalea duela jakin dut, eta harrituta nago nire erreakzioarekin. Inoiz horrelakorik gertatuko zitzaidanik ez nuen espero. Baina gertatzekotan oso argi nuen maletak kanpoan utziko nizkiola. Eta, hara, gaur hemen nago aurrez aurre dudan egoera ulertzen, edo saiatzen, eta elkarrekin jarraitzeko asmoz. Burutik sano ote nagoen galdetzen diot neure buruari». Bikotekidearengandik sekula ez genuena espero jasaten.
Bikote terapian gabiltzanokemakumeen eta gizonen atzealdean dagoenaren testigu izateko pribilegioa dugu. Prozesuan, barne bikotekideen leku intimoetara heltzen gara. Eurek ematen digute baimena, eta horrekin bat denon konpromisoa estutzen da. Sarri, aspalditik ezkutuan egon dena lehenengo saioetan azaltzen da. Batzuetan bikotekideari inoiz ez diona esan ere bai.
Hona hemen ariketa arin bat denontzat:
Zutaz, zure bikotekideaz edota harremanaz den-dena nork daki? Seguru asko inork ere ez. Beharbada gura ere ez. Gure esperientzien, emozioen, burutazioen... zatiak banatzen ditugu. Koadrilako lagun bati zer edo zer, bikotekideari zer kontatu ere ez dakizu, nahastuta zaude eta; lankide batekin beste alorreko mokadutxobat konpartitzen duzu; azken urteotako lagun min horrekin gehiago zabaltzen zara, baina badakizu hamaikagarreneko tirabira ez diozula kontatu; amari zer edo zer esan behar susmoak hartuta dagoelako; aitari txintik ere ez; ahizpari... zertarako! berearekin nahikoa daukalakoan... Zenbat sekretu txiki edo handi gordetzen ditugu, zenbat intimitate zuonak baino ez direnak, sekretu itogarri bat eraikitzen, zenbat haserrealdi gogorrak ezin askatu, aspaldiko hutsune lazgarriak gorputza erdibitzen, zelako joko lizun gozagarriak izaren azpian, lankide horrendako zeloak irribarre lotsagarri batekin mozorrotuta, norberaren buruari beldur galdetzeko jada berendako interesa itzali delako... Bizitzako hainbat pasarte gordetzen dizkiogu geure buruari, gure bikotekideari, gure lagunari... zenbat?
Beraz, ez da harrigarria kanpokoek, nahiz eta oso gertukoak izan, deus ez ulertzea espero ez zituzten berriak entzutean. Baina galdetu geure buruari zer dakiten besteek gutaz...
Bikote sistema ez da sistemarik zoragarriena; bikotekideek eraikitzen dute euren miseriekin, aberastasunekin, gurariekin, beldurrekin, lotsekin... bakoitzak ahal duen moduan. Baina biak dira ezinbestekoak puzzle korapilatsu hori osatzeko.
Bikotekide bakoitza aldatzen doan heinean, sistema aldatzen da, eta, jakina, urteak pasatu ahala garai bateko kontratuak ez du balio. Bata bestearekiko irria, pasioa, maitasuna, jakin-mina... aldatzen da, zelan ez! Boladak egoten dira erotika alorra porrot eginda geratzen dena, pasarte batzuetan norbera bere bidaia bakartian baino ez duela egon nahi; etxea itogarria bihurtzen dela, bikotekidea ezezagun egiten zaigulako; gure fantasietan edota errealitatean beste lagunen bat dagoela; gura dugula harremanari eutsi eta ez dakigula zelan egin; batak bestea behar duela aurrera egiteko, baina laguna ez dagoela behar dugun lekuan momentu horretan; seme-alabak gure babesa eta aitzakia bihurtzen direla azkenean; bikotekideak jadanik ez gaituela erakartzen; seme-alabak hasteko erak desberdinak haserreak ekartzen dizkigutela; bakoitzaren beharrak ez datozela bat; erritmo desberdinetan egoteak denboraldi gorabeheratsuetan murgiltzen gaituela; hirugarren bat agertzeak berpizten duela harremana...
Egoerok ez dira arraroak, ezta latzak ere, bikoteetan eman litezkeenak baizik. Bi elkartzen direnean arazoak sortzea ezinbestekoa da. Kontua da bideratzea merezi ote duen, eta zelan bideratu. Nork esan du erreza denik?
OSASUNA. Nork esan du erraza denik?
Bikotearen sistema ez da asmakizunik zoragarriena. Arazo anitz sortzen dira, askotarikoak, eta horiei irtenbidea ematea ez da batere erraza. Aparteko egoeratzat ditugunak oso ohikoak izaten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu