Nahiko lotsatuta agertu zen, akaso ikaratuta ere bai. Ez zekien nora begiratu bere inguruan hainbeste telebista kamera ikusita. Noizean behin berarekin zeudenei begiratzen zien, zerbait esaten ziotenean. Gainontzekoan lurrera begiratzen zuen, pentsakor. Hala ere, hasieran behintzat bazirudien lasai zegoela. Harrera familiek besarkatu zuten aireportuko harrera gunean agertu orduko. «Ze begi politak dituzun», esan zion babes familiako amak, frantsesez. «Eskerrik asko», erantzun zion berak. Une horretan eskaini zuen Atounamek lehen irribarre lotsatia.
Hamar urteko mutikoa senegaldarra da, eta Gizakien Lurra gobernuz kanpoko erakundeak ekarri du Euskal Herrira. «Mihian tumor bat dauka, eta hori kentzeko etorri da hona», zioen Txus Manterola harrera familiako amak, umea noiz iritsiko zain zegoela. Ebakuntza erraza dela esan diote familiari. Hala, hilabete eta erdi edo bi hilabete baino ez ditu egingo hemen. Donostia ospitalean egingo diote ebakuntza.
Bi urte zituela egoera txarrean zegoen arraina jan zuela kontatu diote harrera familiari. «Infekzioa eragin zion, eta kistea sortu zitzaion», dio Manterolak. Azken zortzi urteetan, bada, Atounameren amak sekulako sufrikarioa bizi izan du, semea senda zezakeen norbaiten bila. Azkenean, Europara bidali beste erremediorik ez dute izan etxekoek, han ez dutelako ustez erraza den ebakuntza hau egiteko baliabiderik. «Seme-alaba asko dituzte, baina ama etengabe borrokatu da Atouname sendatuko zuen norbait aurkitu arte», zioen Manterolak.
Bilboko aireportura iritsi bitarte, 24 ordu ibili da batera eta bestera. Aurrena Senegaldik Parisera, eta gero handik Euskal Herrira. «Mugarik Gabeko Abiazioa izeneko GKEko kideek lagundu digute hona ekartzen», azaldu zuen Alfonso Roucero Gizakien Lurrako ordezkariak. Parisen hainbat ordu egin zituen Bilbora ekarriko zuen hegazkina hartu aurretik. Haren zaintzaz arduratu zen boluntarioak lasai eta umore oneko egon zela kontatu zuen. «Etortzeko irrikan dagoela esaten omen zuen. Normalean ez dute etorri nahi izaten. Baina kasu honetan familiak sekulako lana egin du», zioen Roucerok. Sendatu nahi bazuen hona etorri beste erremediorik ez zuela azaldu zioten Autonameri etxekoek, eta itzultzerakoan erabat osatuta egongo zela.
Manterola eta bere familiarenean biziko da mutikoa. Halaber, Mari Mar Perez eta Jon Bartolome senar-emazteen laguntza izango dute. Bi familiek hiruna seme-alaba dituzte. «Gure umeak oso pozik daude, Atouname noiz iritsiko irrikan», zioten bi amek ahots batez. Izan ere, bi familiek aurreneko aldia dute. «Aspalditik gabiltza GKE honetan boluntario, baina umeak erietxean daudela haiek zaintzeko txandak egiten. Bestebat etorriko zela jakin genuenean animatu ginen», dio Manterolak.
«Ondo jaten duela dio Frantziako boluntarioak; denetarik jan dezakeela, baina azidoa duten jaki eta edariekin kontuz ibiltzeko», ohartarazi zien Roucerok bi familiei. Horixe zen hain zuzen ere haien kezka. Nagusiak hizketan zeudela, Atounameren begietatik malkoek ihes egin zuten. Jertsearekin lehortzen saiatu zen, baina berehala ohartu ziren ingurukoak. Besarkatu eta burua laztandu zioten. «Goazen etxera, atseden hartu nahiko du eta». Horrela abiatu zen mutikoa datozen bi hilabeteotan berea ere izango den Zarauzko etxera (Gipuzkoa).
Osasunaren bila etorrita
Hamar urteko mutiko senegaldarra ekarri du Gizakien Lurrra GKEak, mihian duen kistea kentzera. Zarauzko familia batekin biziko da etxera itzuli artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu