Joxemi Saizar. Liburuaren egileetako bat

«Oso garai interesgarria, mugitua eta aberasgarria izan zen gerra ondorengoa»

Adrian Garcia.
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Irakasle da lanbidez Joxemi Saizar (Tolosa, 1961) baina urte askoan hainbat hedabiderentzako lan egin du. Euskaldunon Egunkaria-ren hastapenetan lan egin, eta BERRIAn kolaboratu zuen. Halaber, Galtzaundi aldizkariaren koordinatzaile eta Tolosaldean Egunero eta Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-ko zuzendaria izan da. Herri komunikabide horietan eginiko lana baliagarri izan zaio Saizarri eskualdeko historia hurbilean arakatzeko. Lan horrekin, Mikel Errazkinek eta berak idatzitako 1936ko gerrako oroitzapenak Tolosaldean eta Leitzaldean liburuari jarraipena eman nahi izan diote.

Zerk bultzatu zaituzte liburua idaztera?

1936ko gerrari buruzko liburua atera genuen orain dela hiru urte, Hitza, Galtzaundi eta Aranzadirekin batera, eta horren jarraipena egin behar zela ikusi genuen. Oso garai interesgarria, mugitua eta aberasgarria izan zen gerra ondorengoa. Frankismoaren aurka hainbat mugimendu eratu ziren, bai politikoki, sozialki eta kulturalki. Trantsizio garaia ere hartzen du liburuak, 1981. urte arte. Gauza asko gertatu ziren, eta interesgarria iruditu zitzaigun Tolosaldean eta Leitzaldean hainbat arlotan gertatutako guztia jasotzea.

1936ko gerrako oroitzapenak Tolosaldean eta Leitzaldean liburuaren jarraipena da, beraz.

Bai, hurrengo aldia da. Gerrari buruz liburu, pelikula eta dokumental asko egin dira, baina ondorengo aroari buruz oso gutxi egin da. Frankismoaren garaia, alderdi politikoen sorrera, ETAren sorrera... mugimendu askoko garaia izan zen.

Zer informazio iturri erabili dituzue?

Alde batetik, jendearengana jo dugu. Aurreko liburuan, gerraren kasuan, batzuk hilda zeuden, beste batzuk bizirik. Kasu honetan errazagoa izan da, jendea gazteagoa delako, 1950, 1960 eta 1970ko hamarkadak bizi izan dituzten asko bizirik daude oraindik. Artxiboetara ere jo dugu, bai Lazkaokora, baita Tolosako Udal Artxibora ere. Hemerotekak ere erabili ditugu argazkiak bilatzeko. Bibliografia dezente erabili dugu.Tolosaldeko historiaren liburuak, ETAren historiari buruz argitaratutako liburuak.

Testigantzak lortzea asko kostatu al zaizue?

Bat edo bestek esan digu nahiago zuela kontu mingarri horiek ez gogoratu. Frankismoan asko sufritu zuen jendea izan zen. Torturak eta kartzela pairatu zituzten. Gerraren kasuan ere gertatu zitzaigun. Baina, oro har, gehienek erraztasunak eman dituzte. Gustura ibili dira eta informazio asko eman digute. Kontuan eduki behar da klandestinitatea zegoela tartean, eta gauzak asko neurtu behar izan ditugu. Batzuek eskatu digute izenen aipamenik ez egiteko, zenbait ekintza oraindik nolabait preskribitu gabe zeudelako.

Zergatik erabaki zenuten testigantzen bilduma testu orokorretik bereiztea?

Nire ustez, lekukotasun horiek lehen pertsonan jasotzeak indarra ematen dio lanari. Nire ardura izan da gehienbat. Jon Mintegiaga hari nagusia eta kronologia lantzen aritu da. Guztira ia berrogei pertsona ingururekin izan gara. Horien artean aukeraketa bat egin eta hamasei lagunen elkarrizketak txertatu ditugu. Hainbat esparrutako jendea azaltzen da, hainbat alderdi eta mugimendutakoak. Kultura arloan aritu zirenekin ere egon gara. Gizonezkoak, emakumezkoak... oreka mantentzen saiatu gara, eta garrantzi handien zuten pertsonak aukeratu eta horiek luze elkarrizketatu ditugu. Gainontzekoen kontakizunak kontakizun kronologikoan jaso ditugu, baina ez hain zabal.

Zer ikuspegi eman nahi izan diozue lanari?

Gerra bukatu ostean garaileak eta galtzaileak ondo bereizi zituzten. Areilza Bilboko lehen alkate faxistak esan zuen hori. Galtzaileen artean hartu dugu posizionamendua. Francoren aurka gerra galdu zutenak, eta ondoren hainbat urtetan frankismoaren eragina jasan zutenen ikuspegia landu dugu. Elkarrizketetan orekatzen saiatu gara, eta alderdi guztietako jendea dago, ez bakarrik Francoren aurka zeudenak. Baina kontaketa kronologikoan Francoren kontrako mugimendu hori jaso dugu.

Trantsizioa gertutik ezagutu zenuen. Errazagoa izan al zaizu pasarte horiek liburura eramatea?

Bai, garai horretako eragile gehienak ezagutzen nituen, eta errazago izan da. Lehendik ere lan dezente egina zegoen, bai Galtzaundi aldizkarian baita Hitza-n ere. Bietan azken urteetan gauzak ateratzen joan dira. Lehen ikurrina noiz atera zen, lehen udal hauteskundeak... Aurretik lan bat egina zegoen. Orain hori dena osatu, eta zabalago jorratu dugu, baina ez gara hutsetik abiatu. Azken urteetan herri komunikabideetan ibili naizenez Tolosa gertutik ezagutzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.