Orain bostehun urte, 1512ko martxoaren 18an, sute batek Ordiziako hiribildua suntsitu zuen. Gertaera horren ondorioz, Gaztelako Joana Eroa erreginak urteko asteazken guztietan zergaz kanpoko azoka egiteko baimena eman zion herriari. Gipuzkoako herriaren historia baldintzatu zuen gertaera hark, Ordizian eta inguruetan aberastasuna sortu zuen merkatuari behin betiko bultzada eman baitzion.
Herriaren bilakaeran azokak izan duen garrantziaz jakitun, Ordiziako Udalak bosgarren mendeurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu ditu.
Asteazkenero zergaz kanpoko azoka egiteko baimena eskuratzeko bidea eman zuen sutea gogoraraziko dute martxoaren 18an, igandean. Egun osoan izango dira ekitaldiak. Musikak ere ez du hutsik egingo; 10:00etan hasita, Goizeresia Ordiziako Txistulariek alaituko dituzte bazterrak.
11:00etan D'elikatuzeko egoitzan hainbat ekitaldi egingo dituzte: Inagrosalute proiektua aurkeztuko dute; azokaren ikus-entzunezkoa emango dute; eta Kimetz Elkarteak bultzatutako Gaur zortzi azokan dokumentala aurkeztuko dute.
Baserritarren omenaldia, kalejirak, haurrentzako jolasak eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte egun osoan.
Azokako saltzaileekin batera herri bazkaria egingo dute 14:30ean, frontoian. Arratsaldean erromeria, txarangak eta festa giroa gailenduko dira herriko kaleetan barna.
Plaza Nagusian egingo dute amaiera ekitaldia, sutea oroitzeko, 20:00etan. Ordiziar guztiei baserritar janzteko deia egin die udalak.
Igandeko sutearen ospakizuna ez da izango bosgarren mendeurrena ospatzeko egingo den ekitaldi bakarra. Hilabeteko azken asteazkenean, Ordiziako merkatariek produktuak kalera aterako dituzte, eta herria aire libreko azoka erraldoi bihurtuko da.
Halaber, otsailetik uztaila bitartean asteazkenero herriko tabernariek pintxo-potea eskainiko dute, 1,50 euroren truke. 18:30etik 21:30era izango da edariarekin batera pintxoa eskuratzeko aukera.
Azokaren bostehungarren urtemuga ospatze aldera, egitarau berezia prestatu dute. Azoka bereziak izango dira urte osoan.
Apirilaren 11n, Artzain Egunaazoka berezi batekin ospatuko dute. Maiatzaren 12an eta 13an, Ordiziak jaso zuen baimena oroitzeko Erdi Aroko azoka antolatuko dute. Bestalde, irailaren 5ean Euskal Jaiak ospatzeko azoka berezia egingo dute.Azkenik, abenduaren 26an Gabonetako Azoka Zuria egingo dute.
Horrez gain, Ordizia bisitatzen duen orori Ordiziako Azoka, Zentzumenentzat esperientzia turistikoa eskainiko zaio. Halaber, azokaren historiari buruzko hitzaldi sortak egongo dira.
Ospakizunez beteriko urtea Ordiziako azokarentzat
500. urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte urte osoan; lehenengoa igandean izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu