Ostegunera arte bidal daitezke lanak Euspot lehiaketara

Euskarazko iragarkien lehiaketak bosgarren aldia du. Aurtengo gaia honako hau da: 'Turismoa erakarri Gipuzkoa barnealdera'

Euspot euskarazko iragarkien lehiaketako iazko irabazleak. ARTEMAN.
urtzi urkizu
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Euskarazko sormena bultzatu eta publizitate arloan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Euspot lehiaketa sortu zuten duela bost urte Aretxabaletako Udalak (Gipuzkoa), Arteman Komunikazioa marketin agentziak eta Mondragon Unibertsitateak. Bosgarren aldira iritsi dira, eta beste bi erakunderen elkarlan eta babesa jasotzen du orain lehiaketak: Music Library Madrilgo editorea eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Hilaren 28ra arte bidal daitezke iragarkiak —euskarazkoak behar dute izan derrigor—. Aurtengo gaia Turismoa erakarri Gipuzkoa barnealdera da, eta iragarkiek 20-30 segundo artekoak izan behar dute. Edozein formatutan graba daitezke iragarkiak, bainagoi bereizmeneko formatukoak hobetsiko dituzte. Lanak aurkezteko modua eta xehetasun gehiago Euspot.eus webgunean aurki daitezke.

Antolatzaile lanetan Arteman agentziako Gorka Etxabe ari da, eta azaldu du «oso pozik» daudela bosgarren aldira iritsita: «Euspot sortu genuenean, denboran jasangarria eta iraunkorra izango zen proiektua genuen buruan. Oinarri sendoak jarri nahi izan genituen, eta etorkizunerako pauso laburrak baina finkoak emateko helburuz ekin genion lanari». Sendoa izaten ari da Euspoten bidea, eta Etxabek uste du lehiaketak «bihotz kolpe onak» izan dituela kalitatearen eta kantitatearen ikuspegitik.

Kantitatea bermatzen duen erabaki bat bada tartean: Mondragon Unibertsitateko ikasleek Euspoten parte hartu behar izaten dute, ikasgai dutelako hori.

Askotariko lanak jasotzen dituztela nabarmendu du Artemaneko kideak: «Oso ideia onak ikusten ditugu, nahiz eta batzuen edizio eta postprodukzio maila baxuagoa izan. Oso teknika berezian egindako lan dotoreak ere jasotzen ditugu». Sariak emateko orduan, bestalde, ideiak saritzen saiatzen dira, «jakinda baliabide murritzak dituztela parte hartzaile askok».

Aurtengo gaia —Gipuzkoako barnealdearen sustapen turistikoa— «nahiko mamitsua» dela iruditzen zaio Etxaberi: «Bisualki eta mezuen eratzearen ikuspegitik aukera asko eskaintzen ditu».

Euskarazko publizitatea

Epaimahaiaren sariez gain, herritarrek emandako botoekin Publikoaren saria —500 eurokoa— banatzen dute. Hilaren 29tik maiatzaren 3ra arte eman ahal izango dute herritarrek boza. Bada sari bat ere 14-18 urte arteko gazteen iragarki onenarentzat. Sari banaketa maiatzaren 12an egingo dute, Aretxabaletan.

Zuzenean edo zeharka bideo irabazleak zabalkunde handia izatea gustatuko litzaieke antolatzaileei. «Lanak antolakuntzaren eskuetara pasatzen dira, baina beti egon daiteke aukera egilearen eta antolakuntzaren arteko hitzarmenerako, iragarkiak mereziko balu», azaldu du Etxabek.

Publizitatearen sektorean euskararentzat lehiaketa garrantzitsua da Euspot, oraindik ere oso publizitate gutxi egiten baita euskaraz. «Euskarak komunikabide txikietan eta tokiko kanpainetan badu presentzia, baina marka handiek ez dute euskara erabiltzen», kritikatu du Artemaneko kideak. «Askoz gehiago sortu beharko litzateke, ikus-entzunezkoek eta euskarak aukera asko eskaintzen baitituzte».

Ez du erraza euskarazko publizitateak aurrerapausoak ematea. Hala ere, Etxabek horretarako aukerak zein izan daitezkeen iradoki du: «Beharko genuke masa kritiko askoz handiagoa, publiko gehiago, eta marka handien benetako apustua. Badira marka batzuk euskara bereizgarri gisa erabiltzen dutenak, eta bide interesgarria da». Euskarak kontsumitzailea munduan kokatzen du, eta, aukera horri markek garrantzia emango baliote, egoera alda liteke: «Euskarak pentsatzeko era bat susta dezake, eta bertakoak diren markek erabili beharko lukete, baina baita kanpoko markek ere, baldin eta Euskal Herrian saldu nahi badute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.