Maratila

Otso jauna

santi leone
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Oxforden, Timothy Garton Ash ezagutu nuen. Are gehiago: behin, mintegi batean, haren ondoan suertatu nintzen. Esperientzia zoragarria izan zen. Hark ahoa ireki bezain fite, erabateko isiltasuna hedatzen zen gelan barna, eta parte hartzaile guziak adi-adi egoten ziren, jakinduria putzu hartarik zer aterako zain. Tira, Garton Ashen iruzkin batzuk bikainak ziren, eta bertze batzuk, erdipurdikoak; gu guzionak bezala, alegia. Edonola ere, iduri zuen bera eroso zela ingurukoek eraikia zioten gurtze giro hartan. Auskalo.

Nafarroako Unibertsitatean ere horrelako irakasle bat izan nuen, Olimpon ibiltzen diren horietarik. Horrek jakin-mina piztu dit beti. Erran nahi dut, bat jainko sortzen da, edo jainko bihurtzen da? Eztabaida klasikoa da. Nace o se hace?Nurture or culture? Eta erantzuna bigarrena dela onartuz gero, nolakoa da prozesua? Egun batean ohatzera gizaki arrunt joan eta biharamunean izaki zerutiar itzarri, edo emeki-emeki hasten da bat lurretik hamar zentimetrora lebitatzen? Auskalo.

Berriki irakurri dut Taschen argitaletxeak The Almodovar Archives kaleratu behar duela. Zinema zuzendariaren munduari buruzko liburua. Baina, batez ere, honek eman dit atentzioa: Almodovarrek berak bereizi ditu liburuan bere filmak aztertuko dituzten kritikariak. Nik, dena den, Pulp fiction ikusteko gomendatuko nieke. Akabera aldera, Vincent Vega eta Jules gangsterrak elkar zoriontzen ari direla gauzak hain xarmanki egiteagatik, Otso jaunak aholku eder hau eman die: «Gentlemen, ez diezaiogun oraindik ekin zakilak elkarri milikatzeari!».

Auskalo zergatik, baina nago Jainkoaren filmak aztertuko dituztenek ez dutela Tarantinoren lana ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.