Mendi ibilaldia
Otxatetik haratago
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Imiruri, Otxate, Burgondo, Arrate, Agiluko, Azkorri
- Distantzia: 7 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 30 mn.
- Ingurunea: Paisaia ederrak daude Gasteiz mendien hegoaldera; Otxate herri hustua da talaia ederrenetakoa.
- Estekak: Ibilbidea
Joxean Gil-Garcia
Azkorri gailur ahaztua da gaur egun. Ez, ordea, 50eko hamarkada bizi zuten mendizaleentzat. Izan ere, mendien katalogo zahar horrek zekarren gailur ofiziala zen. Otxate herri hustutik gertu baitago, abiapuntua Imiruri herrian jarri dugu. Gasteiz mendatetik Trebiñu aldera jaitsiz ikusiko dugu Imirurira doan desbideratzea.
Imiruriko eliza atzean utzi eta berehala, eskuinetik jo eta plaza batera iritsiko gara. Armarridun etxeren bat edo beste ikusiko dugu han, baita trafiko seinale herdoildu bat ere. Seinalearen atzetik segituko dugu. Iturri baten ondotik igarota, ipar-ekialderantz zuzenaraziko gaitu pista batek, eta pabiloi baten aldamenera iritsiko gara. Otxatera joateko, ordea, San Pedro deritzan muinoa zeharkatzea ezinbestekoa da. Hortaz, bide zabala baztertuko dugu pabiloian eta, astiro-astiro, igoera xumeari ekingo diogu. Herri hustuaren hondarrak begi bistan izango ditugu San Pedroko muinotik. Ikuspegi galanta ez ezik, 80ko hamarkadan Agiluko nekazari batek ezagutarazi zituen harrian irekitako hainbat hilobi ere ikus ditzakegu talaia horretan. Gero, jauzia apenas galdu gabe, Otxatera iritsiko gara, hots, Burialde errekaren ur-emari eskasa zeharkatu bezain pronto.
BURGONDO ETA ARRATE HAITZAK. San Migel elizaren dorre atzetik segituko dugu Burgondo baselizaraino. XVII-XVIII. mendekoa den arren, badirudi leku hartan beste eraikin bat izan zela aspaldi. Uzkio, Imiruri, San Vicentejo, Agilu eta Axarte herriei dagokien eraikin sendo horrek, baina, su hartu zuen 1985ean, eta fabrikaren egoera kaskarrarengatik baita istripu arriskuarengatik ere, eraikinaren hainbat horma eraitsi egin zituzten.
Burgondo haitzera igotzea erraza da ermitatik. Ipar-ekialderantz jotzen duen basabideari segituko diogu eta, aldatsa amaitzean, ezkerrera eginez eta artadia saihestuta, Burgondo haitzeko talaia ederrean izango gara. Hala ere, paseotxoa ez da hor bukatuko, mendilerroari jarraituta, Arrate haitzeko erpin geodesikoraino iritsi gaitezke eta. Gasteizko mendien eta Mendialdeko eskualdean goititzen diren mendien gaineko panoramaz aski aseta, ipar-ekialdeko norabideari ekingo diogu gero. Ler gorriek irekitako igarobide batetik igaro ondoren, Agilutik datorren basabidearekin bat egingo dugu.
BETOñO HAITZEKO ABELBIDEA. Basabide horretan ezkerrera egingo dugu eta iparralderanzko bidea hartuko. Gasteiz eta Mendiolatik igotzen den PR-A 20 Betoño Haitzeko Abelbidea zidorra ikusiko dugu. Egurrezko zutoin batek erraztuko digu haren kokagunea. Seinalea ikustean, pistatik irten eta pagadian barrena jarraituko dugu, abelbidea lagun. Gasteiz aldera jaisten hasi aurretik, ordea, abelbidea baztertuko dugu eta gainez gain segituko dugu mendebalderantz. Azkorri gaina ez da guztiz ondo nabarmentzen diren horietako bat. Halere, lerrotik gabiltzala dezente gozatuko gara pagadiak oparitutako bazterrekin.
Aurrera eginez, betiere lerrotik aldendu gabe, basoan zehar eta larre artean jarraituko dugu harik eta Betoño haitzaren inguruan utzitako basabidearekin bat egin arte. Bide zabalari men eginez egingo dugu jaitsiera Imiruriraino. Burialde erreka irekitako sakonunea bistan dugula, Arrate eta Burgondo haitzak beste behin ikusteko profitatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu