Homo sapiens-ak, gizaki modernoak euren genoma kontua hartuz, duela 60.000-70.000 urte atera ziren Afrikatik azken exodoan. Out of Africa II teoriak informazio genetiko askotarikoan dauka oinarria, eta adostasun handia lortu du nazioartean. Haatik, aurrerantzean berraztertu egin beharko da seguruenik.
Izan ere, Arabiar Emirerri Batuetako Jebel Faya aztarnategian Homo sapiens-ak egindako harrizko lanabesak aurkitu dituzte, duela 125.000 urtekoak. Hala diote aurkikuntza egin duten ikerlariek Science aldizkarian. Lanabes horiek duela 125.000 urtekoak direla eta gizaki modernoak egindakoak direla ontzat jotzen bada, Out of Africa II 50.000 urte atzeratu beharko litzateke beharbada.
Simon Armitage (Londresko Unibertsitatea) eta Hans -Peter Uerpmann (Tubingako Unibertsitatea, Alemania) ikerlariek argia oinarri hartzen duen teknika bat baliatu dute harrizko piezak datatzeko. DNA mitokondriala baliatzen duen teknikaren bidez kokaturik dago 60.000-70.000 urteko epea Homo sapiens-aren irteerarako. Uerpmannek ezbaian jarri ditu genomaren azterketa horiek. «Zakur etxekotuak duela 120.000 urte sortu zirela zioten, eta, orain, berriz, duela 20.000 urte. Data genetikoa ezartzean alde handiak sor daitezke».
Bistan da komunitate zientifikoan asko izango dira Jebel Fayako ikerketa zalantzan jarriko dutenak, DNAren ikerketen alde egingo dutenak alegia. Dena den, irakasle bien taldeak dio lehenengo gizakiak Afrikatik aterako zirela Arabia aldera, Ormuzeko itsasartea arte, duela 120.000 urte.
Jebel Fayako lanabes egileak Arabiako penintsulara iritsi zirenean, hura ez zen basamortua, ibaiz eta haran emankorrez betetako eremua baizik. Hala diote ikerlariek. Ostean, taldea Persiako golkoan barna ibiliko zen, Irango kostaldetik.
Skhul eta Qafzeh
Orain baino lehen ere, antropologoek bazekiten Afrikatik ateratako Homo sapiens talde batzuk bazirela 60.000-70.000 data adostuaren aurretik. Israelen, esaterako, 81.0000-119.000 urte artean kokatu zituzten hainbat arrasto, Skhul eta Qafzehn. Hango biztanleak galdu zirela uste zen, ordea, edota hegoaldera joan zirela. Leku horiek, ondoren, neanderthalek hartu zituzten berriro.
Edonola ere, Afrikatik at egondako migrazioaren konplexutasuna agerian geratu da berriro Jebel Fayako aurkikuntza dela eta.
Ezarian. Zientzia
'Out of Africa' berraztertzen
Gizaki modernoak ('Homo sapiens') Afrikatik uste baino 50.000 urte inguru lehenago atera zirela dio 'Science' aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu