Kloroflurokarbonoak ozonoaren geruzarentzat oso arriskutsuak zirela idatzi zuen 1974an zientzia artikulu batean, eta hautsak harrotu ziren. Barre egin zioten; gutxietsi egin zuten. Kimikaren industriak haren aurka egin zuen, produktu horiek ozono geruzari kalte egiten ziotela pentsatzeko ez baitzegoen oinarririk; ez itxura batean behintzat. Haatik, Sherwood Rowlandek (Delaware, AEB, 1927-2012) frogatu egin zuen Lur planeta inguratzen zuen geruza hori arriskuan zegoela, eta, horrekin batera, geruzaren zuloa gehiago handitzea saihestu zuen; azken urteotan zuloaren neurri berdintsuari eutsi zaio.
Sherwood Rowelandek, Kaliforniako Irvineko ikertzailea bera, aitorpena jaso zuen azkenean, zientziaren barruan jaso daitekeen saririk handiena. 1994an Nobel saria eman zioten bere aurkikuntzarengatik. «Mundua hondamendi handi batez salbatu zuen», esan du Kenneth Janda ikertzaileak, Rowlanden lankideetako bat zenak. Rowlanden taldeak egindako lanengatik, Montrealgo Protokoloa etorri zen, 1985ean; kloroflurokarbonoak debekatu zituzten bilkura hartan, ordurako argi baitzen ozono geruza gero eta gehiago kaltetzen ari zela. Antartikaren gaineko zuloa gero eta handiagoa zen.
Ozono geruzak babesten gaitu Eguzkiaren erradiazio ultramoretik. Hiru oxigeno atomoz osatzen den molekulaz beterik dago ozonoa. «Sistema biologiko osoak, baita gizakiak ere, arrisku bizian leudeke Eguzkiaren izpi ultramoreen azpian». Halaxe azaldu zuen Sherwood Rowlandek berak. •
Ezarian. Zientzia. Hilberria. Sherwood Rowland
Ozono geruzaren arriskuari so
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu