Irlen sarea. Gorka Julio

P2P zoriontsuak

2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Urtea amaitzeko ordu gutxi falta direnean, errepasoa egiteko ordua izan ohi da. Euskal Internet munduan hamar@2010 sariak ditugu, urte batzuetatik hona Joxe Rojasek (http://teknopata.net) antolatutako sariak. Urte osoan euskal komunitatean sortutako tresna, gailu, zerbitzu eta abar proposatu eta bozkatzeko sariak dira.

2010eko abenduaren 19ra arte zabalik egon da proposamenak jasotzeko epea. 2011ko urtarrilaren 9ra arte bozkatzeko epea zabaltzen da, eta hautagai guztiak zerrenda batean jarri eta norberak gogokoenak bozkatzeko aukera dauka. Bozketa amaitzean, irabazleek banner bat jasotzen dute beren postuarekin. Aurten hamar banatuko dira, 2010. urteari dagozkionak. Momentu honetan, zerrendako lehen hiru postuetan berriketan.info, tokitan.tv eta umap.eu daude.

Hala ere, zein postutan gelditu ez da garrantzitsuena. Sari banaketa horrek zerbait berezia du. Saria irudi sinple bat (banner hori) baldin bada, zein da sari horien garrantzia? Argi eta garbi esanda, beste sari banaketa askotan ez bezala benetan dabilen jendearen babesa jasotzen dutela. Beharbada, saririk ez egotea eta, batez ere, arlo horretan dauden pertsonek emandako saria izateak egiten ditu berezi.

Erreferentzialtasuna ere aldatu baitu sareak. Sarietan ez ezik, orokorrean ere orain arteko ospearen eredua ere krisian dago. Ospea bilatzen duten pertsonakegongo dira, baina aurreko ereduaren oinordekotza da hori. Internetek emandako aukeren ondorioz, bakoitzak izango ditu bere mikrofamatuak; hobeto esanda, berarentzako edozein famatu baino erreferente garrantzitsuagoak izango diren pertsonak.

Eragina edo erreferentzialtasuna bezala, beste gauza asko ere parekoen artean, berdinak kontsideratzen diren pertsonen artean gertatzean indar handiagoa dauka; batez ere, pertsona horien sinesgarritasunean oinarritutako harreman bat ezartzen denean. Batzuetan harreman horiek estuak dira, bainasinesgarritasuna transmititzen dute beti.

Hurrengo urterako, berriro ere P2P (peer to peer) pertsonak zuzenean harremanetan jartzeko gaitasuna duten sareek garrantzia hartuko dutela uste dut. Baina orain ez da bakarrik fitxategiak trukatzeko izango, dirua, zerbitzuak, produktuak, elkarlana, kultura... trukatzeko, baina sortzeko ere izango dira. Hori da nire aurtengo desioa, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.