Jean Jaques Stockli (La Bresse, Frantzia, 1962) 2003an iritsi zen Pirinioetara. Komunikazio agentzia batean lan egiten du, eta lanerako erabili ohi du argazki kamera. Erakusketako 150 argazkiak atera ditu. Pau, Lourdes eta Tarnes (Frantzia) artean atera ditu argazkiok, Pays de Nay deritzon lurraldean.
Zer erakutsi nahi izan duzu argazki horiekin?
Paisaien bilakaera azaltzea da argazkien helburu nagusia. Erakusketak lau urtaroen argazkiak biltzen ditu, eta urtaro bakoitzaren berezitasunak erakusten dira. Halaber, leku berean urtaro bakoitzean atera ditudan argazkiak daude. Urtaro bakoitzaren unerik politena erakutsi nahi izan dut argazki horietan, urtaro bakoitzaren errealitatea.
Zer informazio atera daiteke argazki horietatik?
Urte bakoitzean argiak desberdin jotzen du, eta landaretza eta tenperaturak aldatu egiten dira. Hainbat urtetako argazkiak aztertuz gero, ohikoa baino negu beroagoa edo uda hotzagoa egingo duela iragar daiteke. Urte bakoitzak berezitasun batzuk ditu, eta paisaian eta landaretzan nabari daiteke hori. Berdin gertatzen da hilabeteekin, bakoitzak bere kolorea du, bere argia. Otsailean landaretza ez da oraindik oso nabaria, eta eguzkiaren argitzeko erak Pirinioei kolore berezia ematen die.
Zer lotura dute argazkilaritzak eta meteorologiak?
Zientzialariek eta argazkilariok antzera lan egiten dugu. Nik paisaiak bilatzera eremu jakin batera noa, eta zientzialariek ere euren eremua dute ikerketak egiteko. Eurek datuak hartzen dituzte, eta neuk ere hala egiten dut. Argazkiak dira nire datuak. Jarraian tesi bat osatzen dugu, bakoitzak bere aldetik. Nik argi eta koloreekin, eta zientzialariek eguraldien datuekin. Ondoren, hipotesi bat egiten dugu. Nik argazki sailen bidez gauzatzen dut hipotesia. Adibidez, aurtengo otsaila iazkoa baino beroagoa izan dela esan dezaket, elurraez delako iritsi beste urteetan iritsi den mailara. Zientzialariek ere hipotesiak botatzen dituzte aurreikuspen eran. Gure lanak osagarriak dira, egiten ditudan argazkiak erabiltzen baitituzte meteorologoek hitzaldietan fenomeno meteorologikoak azaltzeko.
Zer dela-eta hasi zinen inguruko paisaien argazkiak ateratzen?
2003. urtean etorri nintzen hona bizitzera, eta, ingurua ezagutzeko, argazkiak ateratzen hasi nintzen. Oso inguru ederra da, eta eguraldia oso aldakorra da. Oskarbi egon daiteke gaur, baina martxoan paisaia guztiz aldatuko da, udaberriko hodeiak etorriko baitira. Une horiek kamerarekin harrapatzea da nire helburua. Argazki horiekin erakusketa bat egin nuen, baina paisaiak erakusteko xedearekin soilik. Ondoren, Meteofrance eta Aemetekin hasi nintzen lanean. Irungo (Gipuzkoa) Ficobako mendi erakusketara gonbidatu ninduten, eta Meteofranceko arduradunek galdetu zidaten ea argazkien irakurketa bat egin nahi nuen.Ikusmina pizten zuela ikusi, eta erakusketa antolatu genuen. Jendeari asko interesatzen zaio gure paisaia zergatik den horrelakoa jakitea.
Jean Jaques Stockli. Argazkilaria
«Paisaien bilakaera azaltzea da argazkien helburua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu