Urteetan bateko eta besteko itsasoak zeharkatu zituen Pakea Bizkaia belaontziak, Unai Basurko lemazain zuela. Ibilera horietan bizitakoei eta itsas ondarearen garrantziari buruzko azalpenak emateko hezkuntza proiektu bat garatu du azken urteetan.
Maiatzaren 21etik 31ra bitartean Gipuzkoako kostaldeko herrietan lehorreratuko da Pakea Bizkaia, eta herri horietako gaztetxoei itsasoa errespetatu eta zaindu beharreko ingurunea dela azalduko die. Baina ikasle ez direnek ere izango dute modua munduko hainbat itsasotan ibilitako belaontzia bisitatzeko. Hainbat aukera izango dituzte horretarako. Maiatzaren 21ean eta 22an, Hondarribian izango da, eta 18:00etatik 20:00etara bitartean bisitatu ahal izango da. Hurrengo egunean, Pasaiara iritsiko da, ordu berean. Hurrengo geldialdia Getarian egingo du. Maiatzaren 25ean, 17:00etatik 20:00etara antolatuko dituzte bisitak, eta hurrengo egunean, 11:30etik14:00etara eta 17:30etik 20:00etara. Gipuzkoara egindako txangoa maiatzaren 30ean amaituko du belaontziak, Mutrikun. 18:00etatik 20:00etara izango dira bisitak han.
Hiru hitzaldi
Bisitekin batera hainbat hitzaldi antolatu dituzte, belaontziaren hezkuntza proiektuaren berri emateko eta egindako bidaiak ezagutarazteko. Lehendabiziko hitzaldia maiatzaren 17an izango da, Donostiako Aquariumean, 20:00etan. Unai Basurkok belaontziaren historia azalduko du, lehiaketatik hezkuntzarako baliabide izan arteko ibilia. Maiatzaren 28an, hitzaldi bera emango du Getariako bilkura aretoan, 19:30ean. Tartean, Andrea Ruizek Groenlandia eta Ternuara egindako espedizioaren berri emango du Pasaian. Maiatzaren 23an izango dahori, Barco Mater Itsasgelan, 19:30ean.
«Itsasoan ez dago mugarik; itsasoak guztiak batzen gaitu.Pozik gaude proiektua Gipuzkoara ekarriko dugulako», dio Unai Basurkok. Orain arte Getxon egon da Pakea Bizkaia, Bizkaian, eta7.000 ikasle baino gehiago pasatu dira handik.
'Pakea Bizkaia' belaontziak Gipuzkoako kostaldea bisitatuko du
Hondarribian, Pasaian, Getarian eta Mutrikun itsasoaren garrantziaren berri emango die Unai Basurkok gaztetxoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu