Maratila

Pakoren abentura

Ane Muñoz.
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Pako lasai bizi zen berea izan gabe pixkanaka berea egina zuen etxean. Etxekoak maite zituen eta maitatua sentitzen zen, guztien kutuna zela ederki erakutsi baitzioten aspaldi. Arazo bakarra, etxean erdi bahitua sentitzea zen. Urrezkoa balitz bezala, ez zuten kalera irteten uzten; hoztuko zela, galduko zela, bahituko zutela... «aitzakiak», pentsatzen zuen Pakok etxekoen etengabeko joan-etorriekin jeloskor.

Azkena irten zenak deskuidu batean balkoiko atea zabalik utzi zuen egun hartan, Pakok ez zuen besterik pentsatu: banoa. Kaleko haize epel eta gozagarriak aurrera egitera bultzatu zuen, eta tentazioak itsututa, arrut, joan zen kalera! Ordu batzuz nora ezean ibili ondoren, galduta, bakardadeak izututa, etxe eder bateko lorategian babestea erabaki zuen. Baina laster ahots arrotz batzuk entzungo zituen. Ene, eta orain zer? Izua areagotu egin zen ahots haietako baten jabeak berari erreparatzen ziola ohartu zenean. Makila handi batekin hurbiltzen zela ikusita, Pakok, Bonden modura, «Pako naiz, Pako, nire izena Pako da», bota zuen, erasotzailearen errukia bilatuz. Gazteak, erabat liluratua, mugaren beste aldeko etxera eramatea erabaki zuen. «Pako, nirekin zatoz».

Etxekoak, bitartean, atsekabetuta, haien kutunak bidea sekula aurkituko ez zuelakoan zeuden, «non da gure Pako? Ondo egongo al da?». Beste etxe eder batetik ezin irten zegoela susmorik ez.

Gazteak asteburukoa lankideei kontatu zienean, batek, hunkituta, Pakok bere lagun minaren etxetik ihes egin zuela eta bila zebilzkiola azaldu zion. Patua, kasualitatea, zer da hori? A, xehetasun bat utzi dut atzean: Pako loro bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.