Irungo Amaia kultur zentroak (Gipuzkoa) hartuko du aurten ere Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa. Hamargarren ekitaldia du aurtengoak, eta helburua hasierako berbera: arkeologia ikus-entzuleei eskaintzea. Asteartean hasi eta igandean bukatu, 23 film eskainiko dituzte sail ofizialean, eta, horietaz gain, erakusketa, hitzaldi eta mintegiak prestatu dituzte.
Gizakiaren jatorriari eta bilakaerari erreferentzia egiten dioten lanak ditu ardatz zinemaldiak. «Nor garen, nondik gatozen, nora goazen... gisako galderei erantzun nahi diete, eta gehienek Paleolitoari egiten diote erreferentzia», argitu du zinemaldiaren zuzendari Mertxe Urteagak. Egiptori, Erromari eta herrialde islamiarrei erreparatzen dieten filmak ere badira.
Asteartean Ramon Agirre eta Aizpea Goenaga aktoreek aurkeztuko dute irekiera ekitaldia, 19:00etan hasita, eta Tras las huellas de la vida primitiva (el periodo cámbrico) dokumentalarekin hasiko dute sail ofiziala, 20:00etan. Ondoren pantailaratuko dute bigarren lana: Expedición extrema a los órigenes de la Humanidad, 20:30ean. Lehenengoak Galesen, Kanadan, Txinan eta Siberian egindako hainbat aurkikuntzaren berri biltzen du. Bigarrenak, berriz, gizakiaren bilakaera du ardatz. Zinemaldian eskainiko diren proiekzio guztietarako sarrera dohainik izango da.
Urtetik urtera sendotu egin da Bidasoako zinemaldi arkeologikoa, eta Fedarcine Europako sarearen barnean erreferentzietako bat da egun. Igandera bitarteko egitaraua eskuratu nahi duenak Irungo Udalaren webgunean du aukera: www.irun.org.
Paleolitoa du ardatz Irungo arkeologia zinemaldiak
Asteartean hasi eta igandean bukatuko da Bidasoko X. Zinemaldi Arkeologikoa; 23 filmek osatzen dute sail ofiziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu