Nagore Legarreta (Hernani, Gipuzkoa, 1981) argazkilaria da. Estudioko lanez gain, Anari musikariaren azken diskorako irudiak sortu zituen, eta teknika bereziekin ari da esperimentatzen. Erakusketa jarri du ikusgai Garraxi jatetxean, Donostian, urtarrilaren 21era arte.
Segak, guraizeak, igitaiak, kateorratzak... Freud ez omen dago modan, baina zergatik erabiltzen dituzu objektuok zure irudietan?
Nire barru-barruko zerbaitekin dauka zerikusia horrek. Objektuon alde zorrotza, zirikatzailea eta mozten duena interesatzen zait. Joko handia ematen didate gauzak adierazteko. Sega, igitai eta guraizeen inguruan sail bat egin dut, geure burua besteen moldeetara egokitzeko nola zentsuratzen eta mozten dugun azaltzeko. Horregatik agertzen da emakume bat bere hegoak mozten, azkenean bizi ahal izateko.
Irudiok pentsatu egiten dituzu egin aurretik, edo estudioan saltsatzen sortzen dira?
Kamerari hasieran heltzen diozunean, kalera ateratzen zara, eta gauzak aurkitzen dituzun neurrian egiten dituzu argazkiak. Denborarekin, berriz, nire burutik ateratzen ziren irudiak egitea eskatzen zidan. Saiatzen naiz istoriaren bat kontatzen, edo zer edo zer saten. Ez dira paisaiak, edo mendiko argazkiak. Argazki sailen bidez, sentimenduren bat edo istorioren bat adierazi nahi dut.
Nola heldu zinen argazkigintzara?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen Leioan. Irudiaren munduak erakarri nau betidanik, baina argazki kamerari lehen aldiz Hernaniko Kronika-rentzat lan egiten hasi nintzenean heldu nion. Sei urtez aritu nintzen, eta kamera erabiltzen sakontzeko ikastaro bat egin nuen herrian bertan. Egunkaritik aparte, hasi nintzen nire irudimenak eskatzen zidanari erantzuten, argazki pertsonalagoak egiten, alegia.
Kamera digitala zein analogikoa erabiltzen dituzu.
Bi muturrak lantzen ari naiz, digitaletik kamera estenopeikaraino.Argazkilaritza digitala ez dut baztertzen: gehiago erabiltzen dut enkarguak-edo etortzen zaizkidanean, eta horren inguruko ikastaroak ere ematen ditut. Beti gordeko dut analogikoarekin dudan lotura hori, beste jolas bat egiteko aukera emate didalako: errebelatzea, argiarekin jokatzea, datuekin beharrean.
Analogikotasunaren gailurra pote batekin eginiko kamera estenopeikarekin zapaldu duzu?
Nazkatuta nengoen pantailari begira egoteaz orduak eta orduak argazkiak sailkatzen, gordetzen eta editatzen. Argazkilaritza eskuekin landu nahi nuen. Ikastaro batean ikusi nuen kamera estenopeikarekin egin daitezkeen gauzak, eta izugarri berotu nintzen. Kutxa beltz bat da, zulo txiki batekin, eta argazki papera jartzen da zuzenean barruan. Zerorrek egin dezakezu kamera etxean, edozein poterekin eta nahi duzun neurrira.
Zertan ari zara lanean orain?
Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Elkartearentzat sagardotegietako irudi bereziak egiten ari naiz, kutsu modernoarekin, ohiko iruditik urrun. Kamera estenopeikarekin jarraitzeko asmoa dut, bestalde. Bizpahiru sail egitea da nire ametsa, areto bat betetzeko. Argazki pilo egin behar dira sail txukun bat ateratzeko, ordea. Irudiak ez dira oso zehatzak, baina teknika horrek oparitzen dizkizun orbanak ez dizkizu Photoshopek ematen.
Nagore Legarreta. Argazkilaria
«Pantailari begira nazkatu, eta argazkigintza eskuekin lantzea erabaki nuen»
Guraizeak, orratzak, segak eta igitaiak erabili ditu artistak estudioko argazki sailetan, eta argazkigintza teknikarik primitiboena munduko irudiak harrapatzeko. Donostian jarri ditu lanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu