Papera janzteko ere bada

Gueñesen, paperezko jantzien lehiaketak mende erdi inguruko tradizioa dauka. Bertako hainbat jantzi erakusgai jarri dituzte orain Arenatzarte museoan.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Paperak, idazteaz gain, beste hainbat aukera ere ematen ditu. Esate baterako, jantziak egiteko. Ongi asko dakite hori Gueñesen, paperezko jantzien lehiaketa ez baita 52 urteetan debalde antolatu —lehen idatziak 1958koak dira, baina aurretik ere egiten zela uste da—. Ibilbide luze horretan soineko eder ugari ikusi ahal izan dituzte herritarrek urtero egiten den desfilean. Eta, orain, taula gainean ikusitako jantzi horiek gertuagotik ikusteko aukera egongo da Gueñesko Arenatzarte museoan. Erakusketa iraunkorrean, paper eta hariz egindako soinekoen lana bertatik bertara ikusi ahal izango da. «Jantzi hauetako bakoitzak duen lana ongi ikustea da asmoa, desfileetan detaileak ez baitira behar bezala nabaritzen», dio Azucena Martin Soineko elkarteko kideak.

Goi mailako joskintzaz gozatzeko aukera izango da, gainera, azken urteetan lehiaketa oihartzun gero eta handiagoa edukitzen ari baita nazioartean. «Hastapenetan herri mailakoa zen lehiaketa, baina 1996tik aurrera antolakuntzako komisioa martxan jarri zenetik, Espainiako partaide ugari izan ditugu, baita Norvegiakoak ere!», dio Martinek. Erakusketan horiek ere ikusi ahal izango dira, eta paperezko joskuntzan goi mailakoak diren diseinatzaileen jantziak bildu dituzte Gueñesen. Besteak beste, Ion Fiz, Mercedes de Miguel eta Maria Cle diseinatzaile ezagunen lanak daude erakusketan. Horregatik, jantzi horiek guztiak ikustea merezi duela azpimarratu du Martinek, «askotan ez baita behar bezala baloratzen jantzi hauek atzean duten lana».

Erakusketa bizirik egon dadila ere nahi dute erakusketako antolatzaileek, eta, horretarako, hiru hilabetean behin jantziak aldatu egingo dituzte. «1996. urtetik hona antolatu diren lehiaketetako soinekoak dauzkagu gure biltegian, eta pixkanaka guztiak erakustea da gure helburua», Martinen arabera. Une honetan erakusketan dauden soinekoak 2005etik aurrera garaile suertatu diren soinekoak dira.

Soineko elkartearen artxiboa, gaur egun, 1996tik aurrerako jantzietan oinarritzen da, baina etorkizunean zabaldu ere egin nahi dute. Aurreko urteetako jantziak esku pribatuetan daudela adierazi du Martinek: «Partikular hauek normalean ez dituzte euren jantziak eman nahi izaten. Izan ere, eurentzat balio pertsonal handia eduki ohi dute, eta gorde egin nahi izaten dituzte. Hala ere, noiz edo noiz partikular batzuek soineko horiek ekarri izan dizkigute». Artxiboa handitzen joateko anbiziorik ez dutela azpimarratu du, gainera. «Oraingoz, ez dugu antolatuko 1996. urtearen aurretik eginiko desfileetan aurkeztu ziren jantziak biltzeko inongo kanpainarik», dio Martinek.

Erakusketa honekin Gueñesen urtero antolatzen den lehiaketari bultzada emango zaiola uste du Soineko elkarteko partaideak. Eta, era berean, joskuntza mota hau baloratzeko eta ezagutzera emateko ere pauso garrantzitsua izango dela uste du. Edozein modutan, «erakusketa oraindik txikia da, eta hastapenetan bakarrik gaude», azpimarratu du Martinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.