Berebiziko mugimendua sumatzen zen Txagorritxu ospitaleko pediatria zerbitzuan atzo eguerdian. Han ospitaleratuta dauden haurrei ipuinak irakurtzea ohikoa den arren, Liburutegien Egunaren ondorioz ikusmin harrigarria piztu zen. Adingabe bakoitzeko ia lau heldu zeuden: guraso eta senideak, ekimenaren sustatzaileak, argazkilariak... Dena den, ezohiko giro horrek ez zituen oztopatu ipuinak irakurri ahala haur, guraso, sustatzaile eta argazkilarien ahoetan agertu ziren irribarreak, paperezko lasaigarriek lagunduta.
Egunarekin lotutako ipuinak aukeratu zituzten Ricar Romanek eta Nati Salazarrek, borondatezko irakurleak biak, eta Marisol Quintana Ignacio Aldekoa kultur etxeko liburuzainak. Manexek, Txagorritxun ingresatutako 2 urteko haur batek, txalo eta oihuekin eskertu zuen Murciélagos en la biblioteca (Saguzarrak liburutegian) ipuina. Dena den, ipuin batekin nahikoa zuela erabaki, eta segituan joan zen jolasten jarraitzeko.
David (12 urte), Urko (10 urte) eta Jesus (9 urte) La bibliotecaria de Basora (Basorako liburuzaina) eta Ipuinen Haria entzuten geratu ziren. Patxi Zubizarreta idazleak ere, aurtengo Liburutegien Eguneko pregoilariak, lehen lerroan entzun zituen ipuinak.
Liburuen indarra
Pediatrian ospitaleratutako haurrei liburuak eskaini zizkien atzo eguerdian idazleak, baina horren aurretik jakinarazi zien Paularen zazpi gauak liburua idazteko ideia txikitan ospitaleratuta egon zen gau batean izan zuela. Hain zuzen ere, Paulak ospitalean pasa zituen zazpi gauak kontatzen ditu Zubizarretak liburu horretan.
Espainiako Haur eta Gazte Liburuen Lagunek Txagorritxun sustatutako ekimenaren ostean, liburuen erabileraz hitz egin zuten bertaratutako zenbait adituk. Ume eta gazteei bizi dituzten gaixotasunen berri emateko tresna garrantzitsua dela azaldu zuten bertan. Ana Garcia de Motiloak, Txagorritxuko heziketa gelako irakasleak, indar hori baliatuta liburu bat idatzi du: Bost papagai. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz idatzitako liburuan ospitaleek zein sendagileek erabiltzen duten tresneriaren aurkezpena egiten du, modu adeitsuan: ospitale jauna, Xixt Xiringa andrea, on Tentsio Metro, on Mendo Fonendo, on Oto Skopio...
Liburutegien Eguna ospatu zuen beste liburutegi bat dago Txagorritxun, pediatriakoaz gain: medikuntzan espezializatutako liburutegia. Paperean zein formatu digitalean espezialitate bakoitzeko oinarrizko bibliografia gaurkotua eta aldizkari espezializatuak dituela azaldu du Lola Ramirezek, liburutegiko arduradunak, ikerketa zein prestaketara bideratuta.
Ignacio Aldekoa kultur etxean egin zuten arratsaldeko zazpietan eguneko ekitaldi nagusia, instituzio guztietako ordezkariekin. Patxi Zubizarreta pregoilaria ere han egon zen, baita Bernardo Atxaga eta Peio Añorga ere, Joxe Arratibeli omenaldia egiteko. Ataunen (Gipuzkoa) jaiotako idazle eta ipuin biltzailea 2011 hasieran zendu zen, Estibalizko komentuan (Araba), 87 urte zituela.
Paperezko lasaigarriak
Liburutegien Eguna dela eta, Txagorritxuko pediatrian ospitaleratuta dauden haurrei ipuinak irakurri dizkiete, eta Patxi Zubizarreta idazleak liburuak eskaini dizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu