Papergabea
Hamaika t'erdiak hurbil. Gaua. Abiadura lasterreko trenean naiz. TGV 2ème classe, voiture 17. Bordeletik nator. Bagoia abantzu hutsa. Jarlekuen zerrendak. Gazteleraz gora mintzo ari diren hegoaldeko bizpahiru jende zuriak, punta batean. Bertze puntan, enegandik hurbil, bi gizaseme beltz, ate ondoko lau jarlekuzko espazioan eseriak, isilik. Hendaiako geltokia hurbiltzen ari. Pasabidearen aldetik naiz, erdi lo. Mugimenduak ene belarrietan, boten urratsak, kliskak. Kontrola. Beste polizia bat heldu, hirugarren gizon beltz batekin. Lau polizia orain pasabidean. Badoaz jarririk dauden bi gizonengana: «Jaunak, nortasun agiriak mesedez? Erakuts otoi?» Gizonak ateratzen doblaturik duen paper zuria. Zutik dagoena ere bilatzen ari bere zakuan. Eseria den hirugarrenari: « Pasaporte ? » Metraileta. « Ez duzu ulertzen ! Un pasaporte ! A passport ! You have a Resident Card ? Nora zoaz ?-Frantsesez badakizu ? English ?-Ghana ? Do you have spanish documents?». Maletak miatzen dituzte poliziek. Ene sudurraren alturan, haien saihetseko matrakak. Batek bizkarreko uhalean zintzilik du pistola. Borroka nabalak. Uniformetan: «Police nationale, police aux frontières: PAF ». «Parisera, to Paris ? Nice ? Portugal ? Sakeletan behatu duzu, in pockets?». Gizon gazteak paperak bilatzen ditu sakeletan, zakuan. Ikara begietan. Mikroitik orduan: « Mesdames, messieurs, nous descendons en gare d'Hendaye, nous vous souhaitons une bonne soirée. Le TGV continue sur Irun ». Poliziak jaisten dira, badaramate gaztea. Hendaiako geltokiko argiak. Espaloiaren dirdira. Poliziek kamioi handi zurira iganarazten dute. Gauerdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu