Nik gustuko ditut paradisutik etortzen zaizkigun telesailak. Ez ageriko mezuengatik, ezta —gehienetan— istorioen originaltasunagatik ere. Ez. Paradisuko bizimodua ikusteko zirritu bat eskaintzen dutelako maite ditut nik telesail horiek. Castle izeneko batean, konparazione, atxilotu batek poliziari kontatu dio, haserre, antsietateak jota joan zela ospitalera eta, hainbat proba egin eta hamasei mila dolar ordaindu ondoren, lasai egoteko erran ziotela, ez zuela deus. Kontuak atera eta, gehienera jota, uste dut bi urtetik behin izaten ahalko nukeela nik antsietatearen bisita.
Ez litzateke zaila izanen adibideak biderkatzea, baina nire gogokoena bertzerik ez dut aipatuko: erdi atzendua dudan telesail batean, pertsonaia batek esplikatzen zuen aitari osasun segurua kendu ziotela maizegi eritzen zelako.
Naski, maizegi horren zehaztugabetasunak biltzen du zehatzen neoliberalismoaren apezpikuek igarritako paradisuaren neurria.