Askori harrigarri egiten zaio, baina munduan badira oraindik gizarte garatua ezagutzen ez duten tribuak, euren talde txikikoekin baino harremanak ez dituztenak; bat egin gabekoak, alegia. 80 inguru izan daitezkeela uste dute adituek, gehienak Amazonian, Brasilen, Perun, Venezuelan, Bolivian eta Paraguain. Afrikako ohian ezkutuenetan eta Asian, kasurako Papuan eta Andaman uhartedian ere badira.
Izenburu deigarriak prentsan
Aldika-aldika tribu galdu baten arrastoak aurkitu edo argazkiak atera dituztela argitaratzen da, eta hedabide askok izenburu deigarriekin saltzen dute berria.2009an, ustez Mashcopiro tribuko hainbat kide kamera batek harrapatu zituen. Hegazkin batetik begiztatu zituzten Perun, Brasilgo mugatik hurbil, betiere Amazonian. 21 pertsona omen ziren. Eskutik helduta ume bat zeraman emakume batek mehatxu egin zion hegazkinari beste eskuan zeramatzan geziak erakutsiz.
Las Piedras ibaian aurkitutako etxolena ez da kasu bakarra. Emvira ibaiaren haranean (Brasil) dagoen erreserba ekologikoan ehun kide inguruko tribu bat kokatu zuen hegazkin batek 2008an. Gerlari «osasuntsu eta indartsuak» ikusi zituzten, baita sei etxola eta eremu landatu handi bat ere. Brasilgo Funai elkarteak, Indigenen Fundazio Nazionalak, bat egin gabeko tribuak badirela «frogatutzat» jo zuen. «Halako tribuak badirela zalantzan jartzen dute batzuek», zioen, egur industria, gas eta petrolio industria eta mineral bilatzaileei erreferentzia eginez. Tribu harekin bat egiteko inolako asmorik ez zuela ere garbi utzi zuen, bakarturik bizi diren etnien «erabateko autonomia» bermatze aldera.
Antropologo gehienek ildo horrekin bat egiten dute, eta Funai, Survival, Iniciativa Amotocodie eta beste hainbat elkartek bere egin dituzte arrazoiok. «Oraindik bakarturik bizi diren tribuentzat gizaki zuria mehatxu argia da», diote Funaikoek. Amazonian egiten ari diren baso-soiltze basatiak ikustea besterik ez dago. Brasilen hasi dira jada horiek geratzen, baina Perun triskantzak ez du etenik. 2006an Amazoniako oihaneko %17 galdu zen, Greenpeaceren datuen arabera.
Hala ere, gizarte globalizatutik at bizi diren tribu bakan horiekin bat egin beharko litzatekeela pentsatzen duenik bada. Raul Henao etonografoa da ildo horren defendatzaileetako bat. «Mundu modernoaren onurak izateko eskubidea dute pertsona horiek», dio. Medikuntza aipatzen du. Baina iritzi horrek ez du aditu askoren oniritzia. Izan ere, gaiaren inguruan dauden esperientziak argiak dira. Hainbat tribu galdu egin dira bat egin ondoren, gaixotasunak eta industria boteretsuaren jazarpena medio dela.
Gainera, bakartuak bizitzeko hautua borondatezkoa dela ematen du kasu gehienetan. Tribu horietako kideek ihes egin ohi dute Amazonasen aurrera doan ontzi baten motorra edota hegazkin batena entzundakoan.
Ozeanian, Andama uhartedian bizi den beste tribu batekin gertatuak sona izan zuen 2004an. Tsunami handiaren ondoren, Sentineles tribukoek geziak eta harriak jaurti zioten laguntza eskaintzera zetorren helikopteroari. Euren paradisua birrindu zuen tsunamiak, baina paradisu galduaren alde egin zuten aurrerabidea baztertuz. 60.000 urte daramate han, eta gaur arte bizirik irautea lortu dute euren kabuz.