Argitu gabeko kontu bat baino gehiago gordetzen dute Donostiako paretek. Oraingoz argitu den bakarra Urgull mendiaren azpian dagoen hormetako bat da: Banksy artistaren estiloko grafitia zuriz estali du Donostiako Udalak. Marrazkiak sortutako eztabaida bete-betean zegoenean, beste bat irten da argitara. Urumea ibaiaren ertzeko kale batek bizilagun berri bat du orain: Odon Elorza Donostiako alkatea dago bertako pareta batean, kultura eta hiriburuaidatzita duen harri bat jasotzen.
Joan den irailetik borborrean dabilen gaia da grafitiena. Donostia Zinemaldiari begira zegoela -Banksy artistaren Exit Through the Gift Shop dokumentala dela tarteko-, sinatu gabeko marrazki bat agertu zen Parte Zaharreko kale batean. Horretan gizon bat ageri zen, margolanik gabeko marko bati begira. Banksyren estiloarekin bat zetorren grafitia zen; Udaleko arduradunen ustetan, artistaren jarraitzaile edo miresle sutsu batek egindako zerbaiten itxura zuen.
Eztabaida asko piztu zituen grafitiak.Paretetan dauden grafitiak ezabatzea eskatzen du Donostiako araudiak. Hala ere, Udalak marrazkia babestu zuen, kaleko artearen alde eginez. Erabaki horrek kritika asko eragin zituen, grafitigileena, esaterako. Baina, grafitiak ez zuen bere hartan luzaro jarraitu. Pixkanaka elementu berriak gehituz joan zitzaizkion Banksyren estiloko artelanari, zenbaiten haserrearen erakusgarri.
Istiluei begira dabil Odon Elorza
Arreta guztia bereganatu du Banksy delakoak. Marrazkiak, eta artistak berak. Grafitiaren alde eta kontra aritu direnek euren iritzia azaldu dute, baina Udalak izan du azken erabakia. Denis Itxaso Donostiako Kultura zinegotziak grafitia defendatu du; Odon Elorza Donostiako alkatea paretaren beste aldean. Beste aldean bainoago, paretan bertan. Baina, inork ez du orain arte arreta beregan jarri. Banksy marrazkiaren desagertzearekin batera, Elorzari egindako marrazkiak atentzioa erakarri du.
Urumea bazterrean dagoen kaleko horma betetzen du Odon Elorzak. Zuri-beltzean agertzen da alkatea, kamiseta beltzaren gainean Donostia 2016an kultur hiriburu izateko hautagaitzako logotipoa duela. Harri-jasotzaile lanetan margotu dute, gainera. Esku artean, kultura eta hiriburua leloa duen harria du. Oraingoz ez dakite grafitiaren egilea nor den, ezta noiz egin zuen ere.
Kasu honetan, denen ahotan ez egoteak mesede egin dio artistari: berak egindako lanak bere horretan jarraitzen du Gipuzkoako hiriburuko pareta batean. Orain, Udalaren erabakiaren zain egotea besterik ez dago. Bitartean, grafitiaren aurka daudenen jokabidea ikusi beharko da: markoari begira zegoen gizona baino gehiago errespetatuko al dute Odon Elorza?
Paretek argitu beharrekoa
Donostiako Parte Zaharreko pareta batean agertu zen 'Banksy' estiloko grafitia estali du Udalak. Eztabaida betean, Odon Elorza alkatearen marrazki bat azaldu da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu